Debagoieneko mankomunitateko Gobernu Juntak astean onartu du argiteria publikoaren instalazioak berritzeko proiektu bateratua egitea. Bi helburu lortu gura dituzte herrietako argiteria berrituta: "Batetik, kontsumoan aurreratu, eta bestetik, argiaren kutsadura murriztu", jakinarazi du Joserra Zubizarretak, mankomunitateko Garapen Ekonomikoko batzordeburuak. Argiteria publikoan berrikuntzak eginda, led bonbillak jarrita besteak beste, energia eta kostu murrizketa handiak izango direla uste dute.
Bost udalekin hitzarmena
Bost udalerrik agertu dute interesa, eta horien proiektuak bakarrean bateratu ondoren, diru-laguntza eskaera egingo dio mankomunitateak Espainiako Industria eta Energia Ministerioko IDAE erakundeari. Guztira 1.719.552 euro eskatuko dizkio, honela banatuta: Arrasatek, 548.638 euro; Bergarak, 449.849 euro; Eskoriatzak, 405.133 euro; Aretxabaletak, 244.541 euro; eta Oñatik, 71.391 euro.
Udalerri guztiendako dela interesgarria uste du mankomunitateko Garapen Ekonomikoko batzordeburu eta Eskoriatzako alkate den Zubizarretak, Eskoriatzarendako, esaterako, oso garrantzitsua.
Hamabost egun dituzte proiektua aurkezteko eta gero hilabete eta erdiren bueltan jasoko dute erantzuna. Ez dakite baiezkoa izango den hori, eta eskatutako guztia emango dieten, baina aukera benetan interesgarria delakoan daude: "Hau kreditu bat da, hamar urtetarako, eta lehen urtean ez dugu ordaindu beharrik, inbertsioak egingo ditugulako. Eta aurreratzen dugunarekin erantzuteko moduan egon gintezke". Gainera, udalen zorpetze mailak ez du egingo gora, eskaera mankomunitateak egingo duelako. Eta ondoren, Udalek mankomunitateari itzuliko diote dirua.