Debagoieneko amodiozko hiru gutun irabazle Jardunen 24. lehiaketan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 12a, 10:00

"Aurkeztutako lanen kalitateari eta kopuruari dagokionez, aurtengo Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketako balorazioa oso positiboa da. Aipagarria da lanen heterogeneotasuna; maitasunaren gaiari saihets guztietatik heldu dakiokeela erakusten duena. Itzalen bat aipatzekotan, sentimenduak adierazteko zenbaitek erakusten duten ezina, zeinak nahikoa garbi erakusten duen zeinen idealizatuta daukagun maitasunaren ikuspuntu erromantikoa" azaldu du aurtengo epaimahai nagusiak.

Aurreko edizioetan moduan, bi epaimahai taldek izan dute jasotako lanak irakurri eta saridunak erabakitzeko ardura. Andoni Urzelai idazleak, Agin Laburu bertsolariak, Arianne Unamuno musikariak eta Iosune De Goñi iazko irabazleak osatu dute epai-mahai nagusia. Aranzadi Ikastolako eta Ipintza Institutuko lau ikaslek izan dute, berriz, 26 urtez azpiko parte hartzaileen gutunak irakurtzeko ardura.

Sariak baino irabazle gehiago 

Lau dira aurten ere banatuko dituzten sariak; bost, baina, aurtengo saridunak. "Originaltasuna eta estiloa lehenetsi ditugu, eta sari nagusia jaso duen Patxi Zubizarretarenak bietatik du sobera. Maitasun istorio intentsua da eta ohiko parametroetatik aldentzeko ahalegin bizia egin duela erakusten du autoreak. Irakurtzen hasi eta jakin-minez jarraitzeko gogoa ematen du", azaldu du Andoni Urzelaik. "Batzuetan, helduen eta gazteen arteko maitasuna gurutzatu egin daitekeela adierazi nahi nuen. Biolin irakasle baten eta harpa jotzaile baten artekoa da. Sortuko zaien musikak, baina, garai bateko oihartzuna ekarriko du... Fraideekin ikasi nuen eta neskekin ibiltzeak erakarri beste kikildu egiten gintuen. Ezintasunez eta frustrazioz betetako garai hark gerora nolako arrastoa utzi zigun azaldu nahi nuen. Aurreko hilabeteetan García Márquezen El amor en tiempos de cólera liburua berriro irakurri izanak ere, seguruenik, eragina izan du", dio Patxi Zubizarretak.

Bigarren saria Ainara Elizondoren eta Eneko Barberenaren artean banatu dute, aipagarriak iruditu zaizkielako biak ala biak. "Elizondok umore eta ironiaren bidetik lan dibertigarria bezain originala ondu du, non Mari Domingik Olentzerorengatik sentitzen duena erakusten duen sarkasmoz idatzitako gutunean. Barberenak, berriz, ustez batere amodiorik ez dagoen politikarien arteko harremanean amodioa txertatu du. Ez ulertzeak eta ezinak zapuztutako harremana deskribatzen du abileziaz", azaldu du Urzelai epaimahaikideak. "Idatzi nuen momentuan, Gabonen hondarrean, Kataluniako presidentearen negoziaketa drama gisa bizi genuen askok, nik barne. David Fernandezek Artus Mas besarkatu zuenean kritika asko jaso zituen. Niri asko gustatu zitzaidan haren erantzuna, eta buelta batzuk eman nizkion gaiari", dio Barberenak. Honako hau dio, berriz, bigarren sariaren beste erdia jasoko duen Elizondok: "Argi neukan Euskal Herriarekin zerikusia duten pertsonaiekin osatu gura nuela gutuna, eta, egia esan, ez nion pertsonaiak aukeratzerakoan buelta handirik eman. Berak egiten duen lanaren garrantzia aldarrikatzen du Mari Domingik. Ilunabar batean ekin nion gutuna idazteari; afaria prestatzen hasi behar nuen, gutuna bukatu nahi baina denboraz justu nenbilen, eta erdi pipertuta ere bai. Azkenean, maitasun gutuna baino gehiago, gutun aldarrikatzailea idatzi nuen. Dena den, maitasun ukitua ere badu". 

Eskarmentua dutenak eta idazten hasi berriak direnak batu ditu aurtengo edizioak ere.  Orain dela urte asko lehiaketa bereko epaimahaikide izan zela dio Zubizarretak. Barberenak eta Elizondok ere aurkeztu izan dituzte aurrez lanak; azken hori izan zen 2001eko irabazlea. 18 urte besterik ez du, berriz, Bergarako lan onenaren saria eskuratu duen Ainhoa Pardinak. "Nesken arteko laguntasuna gaitzat hartuta, hitanoa erabiltzeko egin duen ahalegina nabarmendu dugu. Gazteentzako oso gertuko gutuna da", dio Urzelaik. Aipatzekoa da, era berean, Bergarakoak bost gutun aurkeztu dituela. "Iaz ere parte hartu nuen. Barruan nituen kezkak azaleratu ditut aurten. Gutun irabazlea lagun bati idatzitakoa da. Hitanoan idaztea erabaki nuen galtzen dabilela iruditzen zaidalako". 

Estreinakoz aurkeztu da  gazte sailaren saria jasoko duen Maria Oses 16 urteko arrasatearra. Ahizpari eskaini dio gutuna. "Bera egongo ez balitz bizitza nolakoa izango zatekeen imajinatu nuen. Hitzez esatea kostatzen zaidan hori guztiori adierazteko modu bat izan da", dio Osesek. 

Lehiaketa, idazteko akuilua 

24. urtea bete du aurten Jardunek antolatutako lehiaketak. Irabazleek asko eskertzen dute euskara elkarteak egiten duen apustua, erakusleiho ona izateaz gainera, idazten jarraitzeko akuilu aproposa dela argudiatuta.

Guztiek diote sorpresaz eta pozik hartu dutela sariaren berri. Bostak izango dira bihar, zapatua, Irizar jauregian, 12:00etan egingo duten sari-banaketan. Askotarikoak dira saria inbertitzeko dituzten asmoak. "Hasteko, otsaileko autonomo kuota ordainduko dut", dio Patxi Zubizarretak. "Bat edo batek nire lepotik otorduren bat egin nahiko du, seguru", esan du Elizondok. "Etxeko alokairuaren zati bat ordaintzeko ondo etorriko zait", gaineratu du Barberenak. "Kapritxoren bat erosteko aprobetxatuko dut nik", erantzun du Osesek. Eta honako hau kontatu du Pardinak: "Nik baino behar handiagoa duen jende asko dagoela uste dut; horregatik, bada, sariaren zati bat eskaleei ematea pentsatu dut. Beste zatia egunero egiten dudan Bergara eta Gasteiz bitarteko hilabeteko autobus bidaiak ordaintzeko erabiliko dut". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak