Amodiozko Gutunen Lehiaketa 2016: Bigarren saria

Eneko Azkarate 2016ko ots. 12a, 10:00

Ainara Elizondorentzat da bigarren sariaren erdia (Oiartzun, 1979). Mari Domingik Olentzerori idatzitako gutuna da; maitasun ukitua badu ere,mari Domingik berak egiten duen lana aldarrikatzea du helburu nagusi.

Gabon, bihotza:

Euskal Herri osoan guztiz famatua eta maitea zaren arren, jakizu kokoteraino naukazula. Horixe bera: KOKOTERAINO. Abendua egutegian agertu orduko, dardarka hasten naiz eta eguneroko lanez gain, ezin gabon garaian eransten dizkidazun gainerako zereginei aurre egin. Bazeneki batzuetan ze nekosoa den Olentzeroren emazte izatea…

Lehendik ere izaten dut nahiko lan ukuiluan azpiak ateratzen, ardiak gobernatzen, zientoka ditugun oiloen arrautzak biltzen, eta horrekin aski ez balitz, urtero Butanoren lanak ere nik egin behar izaten ditut garai honetan. Ilea moztu, hortzak garbitu, eulien aurkako botika eman…Dotorezia osoz jaisten zara menditik bera ondoan duzula, Euskal Herriko heroia bazina bezala,  ikatzez eta opariz beterik, baina ba al dakizu zuk ondo asto batek zenbat lan ematen duen? Nik bai eta ez gutxi. Izugarri maite zaitut eta euskal mitologiako pertsonaia maitagarriena zara, baina emaztea zeharo baztertua duzu, horixe da egia. Butanoz gain, ordea, zeuk ere ematen didazu nahiko lan eta jakizu ez nagoela batere konforme. Abarkak lohiz beteta sartzen zara sukalderaino, zerorrek ez baituzu zorurik garbitu beharrik izaten, eta lotaratzen zarenean propina ederra uzten didazu urtero abenduaren 24an. Gainera, etxeetan opariak uzten joaten zaren heinean, ez diozu muzinik egiten haurrek utzitako turroi, bonboi, ardo goxo, pattar etabarrak dastatzeari eta hurrengo egunean bikarbonatoa prest eduki behar izaten dut zure bihotzerrea arintzeko, baina akabo. Aspertu naiz neskame lanak egiteaz, fama zuretzat baita, baina lana niretzat. Esan beharrik ez dizut, gainera, medikuak azken errebisioan kolesterola altu samar zenuela gogorarazi zizula eta Butanoren pauso motela jarraitu beharrean, bizikletan ibiltzea gomendatu zizula eta gazta zaharraz ahaztea. Serio hartu beharko zenuke kontua, tripa hori ez baita normala, eta gutxien uste duzunean sustoren bat emango didazu, edo okerrago oraindik: ohean geratuko zara ezinean eta ea gero  nork mugitzen dituen soinean dituzun 120 kilo horiek!

Ez da lehen aldia hau guztia esaten dizudana, maitea, baina nik ere aurki beteko ditut 65 urte eta neuk ere badut erretiroa hartzeko garaia. Txondorraren kontua aipatzea ahaztu zait, baina horrek ere badu bere delitua. Hantxe egoten zarete orduak eta orduak kartatan zeu eta zeure moduko beste bospasei artista; tarteka intxaurrak janez, erdi kantuan erdi bertsotan, elkarri adarra jotzen eta ni bitartean,  zeure zain, lotara joateko irrikitan eta ikatzarekin zikinduta ekarriko dizkidazun praken beldur. Ba al dakizu zenbat igurtzi eman behar izaten dizkiodan zure galtzei berriak bezala uzteko? Ai, ze gutxi estimatzen duzun zure emazte gaixoaren ahalegina eta pazientzia, Olentzero maite hori. Hala eta guztiz ere, bihotz-bihotzez maite zaitut, laztana, inguruko haur eta gaztetxo guztiek maite zaituzten moduan, eskuzabala baitzara oso eta Euskal Herriko etxe guztietan poza eta alaitasuna zabaltzeko zuk adina ez baitu inork sekula egin.

Gutun honen bidez etxean gaudenon ahalegina kontuan har dezazun besterik ez nuke nahi; izan ere, Gabonak Gabon izan daitezen, ukitu txiki ugari eman behar izaten dira, itsasoa itsaso izango bada, olatu ugari behar diren modu bertsuan. Bukatzeko, berriz, azken eskaera egin nahi nizuke: gogoan al duzu iaz mezatatik atera eta eliza azpiko eskaparatean ikusi genuen soineko gorria? Ba nik ez dut ahaztua. Gutuna egin nizun, baina oraindik ez didazu ekarri soineko gorririk eta estimatuko nizuke behingoz kasu pixka bat egin eta emaztearen gustua egingo bazenu. Azken hamabi hilabeteetan hiruzpalau kilo hartu ditut, baina nik uste nire neurrikoa topatzen ez duzula arazorik izango. Zeinek esan errementariaren etxean zotza dela burduntzi!

Besterik ez, laztana. Ez ahaztu gaur gauean etxeratzen zarenean Butano mantaz estaltzea eta abarkak atarian uzteaz. Asto gaixoak eskertuko dizu eta neuk ere bai.

Zure bihotzeko Mari Domingi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak