Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz! proiektuaren bigarren edizioa, E3 proiektua ekimena, martxan jarri dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Mondragoneko BACek. Ekimenaren bidez, ekintzaile-izaera duten 15 tituludun langabe bilatu nahi dituzte, ekintzailetza edo interrekintzailetza prozesuak garatzeko euskal enpresetan. Enpresa hauek oinarri teknologikoa izango dute, eta sei hilabetez prestatzeko aukera izateaz gain, ekintzailetza-proiektuak garatzea izango da xedea.
E3 proiektuak unibertsitateko prestakuntza tekniko handia duten gazte asko langabezian daudela eta ekintzailetza-esperientziak protagonizatzeko gai direla aurreikusi du. Hori dela eta, proiektuan parte hartzeko baldintzak, langabezian egotea, titulu ofiziala izatea eta gehienez 30 urte izatea izango dira. Izena emateko aukera martxoaren 15era arte izango dute gazte ekintzaileek.
Hautagaiak enpresek hautatuko dituzte, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez. Gainera, pertsona ekintzaileak enpresek kontratatuko dituzte, eta enpresa horietan garatuko dituzte proiektuak.
Proiektuan interesa dutenek euren curriculuma e3.mgep@mondragon.edu posta-helbidera bidali, edo 943739714 zenbakira deitu beharko dute.