Milizianoak eta gudariak omendu zituzten iaz, eta baita emakume batzuk ere. Aurtengoa, baina, erabat emakumeei eskainitako omenaldia izango da. Intxorta 1937 Kultur Elkartetik adierazi dute horixe dela, hain justu, oroimenaren bueltan lanean dabiltzanen eginbeharra: emakumeak ere egon zirela gogora ekartzea, bigarren tokian geratzen direlako maiz, are gehiago, garai haietan.
Askotariko esparruak
Milizianak, internazionalistak, maistra errepresaliatuak, Emakume Abertzale Batza erakundeko kideak, bortxatuak, zaurituak, hilak, erizainak, erbestera joandakoak, bonbardaketen lekuko izandakoak… askotariko egoerak bizi izandako emakumeak ekartzeko ahalegina egingo dute; nahiko lukete 20-25 inguru izatea eta beste elkarte batzuekin ere ari dira harremanetan.
Eta aurtengoa errepresaliatuak eta erresistentziako kide izan ziren emakumeen eguna izango dela kontuan izanik, egun horretan bertan egingo den errekreazioan emakumeen parte-hartzea aurreko aldietan baino handiagoa izan dadin ere ahaleginduko dira; Elgetako Udalak egina du deialdia, batez ere, herriko emakumeak animatu daitezen.
El Drogas & Desmemoria Band, Espaloian
Apirilaren 24an izango da hori guztia, baina testuinguru horretan baita ere, otsailaren 27an, El Drogas eta Desmemoriaren Banda Elgetako Espaloia kafe antzokian izango dira, kontzertua ematen.
Sombras que la luz grita izeneko kontzertua izango da, eta sarrerarekin batera CD bat emango dute opari. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Espaloian bertan, Bergarako Pol Pol tabernan eta www.ticketea.com atarian. Prezioa 17 euro da; aldez aurretik, 14.