04/08 sumarioan auzipetuek adierazi dute posible dela soluzioak bilatzea, biktimen alorrean eta presoen etxeratzean

Goiatz Arana Begiristain 2016ko urt. 14a, 16:18

Atzo –eguaztena– eta akordio bidez, 04/08 auziaren epaiketa bukatuta, auzipetuek agerraldia egin dute eguerdian Donostian. Adierazi dutenez, pozten dituen akordioa da, auzipetuetako inor espetxera itzuliko ez dela bermatzen duelako eta "espetxeak husteko garaia" delako.

"Gure iritziz, molde berri bati ateak irekitzen dizkio akordio honek; alde guztiek ahalegina egin dute soluzioak topatzeko eta, gure iritziz, salbuespen legedi eta politiken aroaren amaierari ekiteko", gaineratu dute. Oso garrantzitsutzat jo dute alde guztiak asebetetzen dituen akordioa erdietsi izana eta, zentzu horretan, akordioa erdiesteko alde guztiek eta Auzitegiak berak eginiko ahalegina aitortu dute.

Espero dute formula hau baliagarria suertatzea gatazkaren ondorioen gaindipenari begira: "Iragan urtarrilaren 9ko Bilbo eta Baionako mobilizazioek espetxe politikaren aldaketaren aldeko jendarte anitz mobilizatu bat islatu dute. Ipar Euskal Herriko indar politiko guztietako ordezkarien parte-hartzeak, ETAren biktimek euskal preso politikoen eskubideen aldeko pankartan egon izanak edota atzo sinaturiko akordioak erakusten dute borondatea izan ezkero akordioa posible dela eta badagoela modu posible bat biktimen arloan zein presoen etxeratzean ditugun erronkei soluzioa emateko".  

Horiek esanda, prozedura guztia "jazarpen politiko hutsa" izan dela errepikatu dute, hamar urtean "kostu humano handia" izan duela eta hori ez dutela berreskuratuko. "Edozein kasutan, gure jardun politikoak indarkeriarik gabeko bake agertoki baten eraikuntza izan du helburu eta, zentzu horretan, edozein helburu politiko erdiesteko bide politiko eta demokratikoen aldeko hautua berresten dugu", gehitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak