Ia 11 milioi euroko aurrekontua izango du aurten Debagoieneko Mankomunitateak

Josu Bilbao 2016ko urt. 13a, 16:13

Iazkoa baino %11 baxuagoa izango da 2016ko aurrekontua. Mankomunitateko batzordeak atzo onartu zuen gobernuaren proposamena oposizioan dagoen EH Bilduko ordezkarien abstentzioarekin.

2015eko aurrekontuarekin alderatuta aldaketa gutxi izango ditu aurtengoak. Izan ere, aurrekontu berriak izango duen %10,71ko murrizketaren eragile nagusiena Epeleko isurtegia izango da, obra jada exekutatuta dago-eta.

Aurrekontuaren zatirik handiena ingurumen sailari dagokio, ia %72a, zazpi milioi eta erdi pasa gutxi gorabehera. Ingurumen saila gainera, turismo sailarekin batera, aurten igoera izango duen sail bakarra izango da.

Ingurumen sailari dagokionez, batzorde horretako inbertsioetan emango da igoerarik handiena. Bergaran eta Eskoriatzan onartu den hondakinen bilketa sistema aldaketa gauzatzeko beharrezkoak diren edukiontzi eta kamioi berrien erosketak eraginda, hain justu ere. Gainera, Aretxabaletan gauza bera gerta daiteke urtarrilaren 24an egingo duten herri galdeketak ere udalerri horretarako hondakinen bilketan aldaketa ekar lezakeelako.

Edozein modutan, Mankomunitatetik Bergarako eta Eskoriatzako hondakinak batzeko sistema berriek apiriletik aurrera 150.000 eurotik gorako aurrezpena ekarriko dutela aurreikusi dute.

Bestalde, Mankomunitateak jakinarazi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren tarifak %31ko igoera izango duela aurreikusi dutela. Igoera horrek eraginda, hondakinen bilketa kosteetan lortutako aurrezpen guztia hondakinen tratamenduak jango duela azpimarratu dute Debagoieneko Mankomunitatetik.

Mankomunitatea osatzen duten gainontzeko sailei dagozkien partidak jaitsi egingo dira. Garapen Agentziak izango du beherakadarik handiena, %14 eta erdikoa, hainbat proiekturen amaierak eraginda batez ere.

Kirol sailak 2015eko programa eta aurrekontu bera izango ditu, eta zerbitzuetan %7 eta erdiko beherapena izango dute. Turismo sailetik, iaz moduan, Eusko Jaurlaritzaren aldetik informazio falta handia dutela salatu dute, eta ez dakitela nola gauzatuko diren diru-laguntzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak