Jai bat antolatzea zuten helburu, eta osagai guztiak izan ditu: musika, dantzak, kantuak (frontoi dena jarri dute bertsotan) eta pilota partiduak -zer besterik, pilotalekuan egonda-. Eta harmailak jendez beteta, Arrano tabernari, Artats elkarteri, Aittor Arantzabali, Mikel Zubimendiri, Mikel Garaiondori eta Ino Galparsorori babesa adierazteko.
" 35/02 eta 08/04 auzia izen zatar horren atzean 35 lagun gaude, eta 10 urteko kartzela zigorra eskatzen digute, hain zuzen, halako ekitaldietan parte hartzearren, kale agerraldietan egotearren, prentsaurrekoetan parte hartzearren, politika egitearren, azken batean. Eta tarteren baten barre egiteko kapaz izan bagara ere, oso prozesu gogorra izaten ari da", adierazi du mikrofono aurrean Aittor Aranzabalek. Eta, herritarrei, eta 'Libre' ekimeneko antolatzaileei eskerrak eman die, halako ekitaldia antolatu eta bertan parte hartzearren.
