Liburu eta disko artean murgildu dira hainbat herritar aurtengo Durango Azokan ere. Asteburuak jendea erakarri du ohi bezala, eta, Azokaren kaleetan barrena aurrera egin ezinda ere ibili da jendea.
Askorendako lagun zaharrekin elkartzeko une paregabea; besteendako kulturaz blai egiteko ezinbesteko geltokia. Debagoiendarrak ere, gerturatu dira noski Durangora, kulturaren plazara. Debagoieneko sortzaileak ere protagonista izan dira. Gerardo Markuleta, Eneko Barberena, Intxorta 1937 kultura elkartea, Jon Sarasua edo Andoni Urtzelai, besteak beste.
Ahotsenean, Arkada Social eta Klak!son
Baina nola ez musika aurten ere ezinbesteko oinarria izan da Durangoko Azokan. Hain justu ere, Ahotsenea izan da bisitariek gehien bisitatzen duten gunea eta gustukoen duten txokoetako bat. Bertan aurkeztu du Arkada Social talde arrasatearrak Sin mirar atrás disko berria. Baita Klak!son talde antzuolarrak Denboraleak izeneko lana.
Durangoko Azokaren 50. edizioko datuen gainean, bihartik Aurrera berba egingo den arren, esan iazko edizioko datuak gainditu dituela momentuz aurtengo azokak. Hala, 249 postu eta 350 nobedade batu dira aurtengoan Landakon.