Arrasateko Ino Galparsoro eta Bergarako Mikel Garaiondo, Mikel Zubimendi eta Aittor Arantzabal dira auzipetuta dauden lau debagoiendarrak.
Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten 2007ko urrian Seguran Mikel Zubimendi; eta eta lau hilabete geroago, 2008ko otsailean, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo. Azken biek bina urte eman zituzten kartzelan; bi urte eta erdi, berriz, Mikel Zubimendik. 50.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuen euretako bakoitzak. Batasuna legez kanporatua zegoen Espainian 2003az geroztik, eta atxilotutakoak hura berrantolatzeko nahian zebiltzan akusaziopean atxilotu zituzten.
Ino Galparsoro, berriz, ANVren izenean Arrasateko alkate zela atxilotu zuten, 2008ko apirilean, Arrasaten. 2008ko martxoan zentsura-mozio baten bitartez Galparsoro botatzea proposatu zuten, Isaias Carrasco zinegotzi sozialistaren hilketa ez gaitzesteagatik; baina zentsura-mozioa ez zen onartu eta, hilabete geroago, kartzelatu egin zuten Galparsoro, Garzon epailearen aginduz. Uztail amaieran askatu zuten, hiru hilabeteko espetxealdia egin eta 30.000 euroko fidantza ordaindu eta gero.
Hamarna urteko kartzela zigor eskaera
ETAren mesedetan lanean jardutearen akusaziopean epaituko dituzte Galparsoro, Garaiondo, Zubimendi eta Arantzabal. Eta fiskalaren zigor eskaera ere berbera da guztientzat: hamarna urteko kartzela zigorra. Alde horretatik "itxaropentsu" azaldu dira, ordea, Madrildik "edozer" etor daitekeela dioten arren, azken asteetan Gorenetik etorritako albisteak "oso onak" direlako eurentzat; "animoso" doaz, baina "kezkatuta", aldi berean.
Deklarazio egunak
Bihar, abenduak 3, epaiketaren hasiera egunean, auzipetu guztiek parte hartu beharko dute. Abizenaren arabera joango dira deklaratzen eta, beraz, Aittor Arantzabalek bihar bertan deklaratu beharko du seguruenik; Ino Galparsorok eta Mikel Garaiondok, egubakoitzean; eta Mikel Zubimendik, bukaera aldera; auzipetuen deklarazioak zazpi-zortzi egunetan jasotzea aurreikusten dute, eta urtarrilean poliziarenak, lekukoenak eta beste.
Epaiketa, dirutan
Epaiketa honek suposatuko duen kostu ekonomikoaren berri ere eman dute auzipetuek: 5.350 euro, euretako bakoitzeko, egonaldia eta asistentzia juridikoa barne; orotara, 187.250 euro, Madrilen eman beharreko egunetan lanean kobratuko ez duten dirua aparte. Ia astero joan beharko dira Madrilera, bi eta hiru egunez astero; 30 bat egunetan, guztira.