Arizmendiarrieta gogoratu eta etorkizunerako "iparrorratz" dela berresteko ekitaldia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko abe. 1a, 15:23

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatuta, ekitaldi berezia egin zuten atzo Arrasateko Kulturaten. J.M. Arizmendiarrieta. Un hombre, un pueblo, una experiencia liburua aurkeztu zuten egileekin egindako solasaldi batekin eta amaieran kooperatibismoaren aitaren hurbileko pertsonak omendu zituzten. Arizmendiarrietaren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatu zen ekitaldia; aretoa txiki geratu zen. 

Jose Maria Arizmendiarrieta iparorratza dela eta izango dela berretsi zuten atzoko ekitaldi berezian. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatu zuen, kooperatibismoaren aita jaio zela 100 urte bete direnean. Ekitaldiaren hasieran Maria Ubarretxenak konpromisoa hartu zuen Arizmendiarrietaren balioak aintzat hartzen jarraitzeko. 

Ondoren LKSk kaleratutako liburu berria aurkeztu zuten, Fermin Garmendia eta Manolo Gonzalez egileekin egindako solasaldi baten bidez. 

MU-ko ikasleen ikuspuntua

Mondragon Unibertsitateko ikasleen bideo batzuk ere jarri zituzten, 30 segundotan Arizmendiarrietaren gainean duten ikuspuntua azaltzen. 

Omenaldia hurbilekoei

Amaieran heldu zen, antolatzaileek eurek iragarri zutenez, ekitaldiko une garrantzitsuena. Arizmendiarrietaren hurbileko hamar pertsona gogoratu zituzten: Eulogi Lasaga, Mari Lourdes Azkoaga, Roman Balanzategi, Juan Leibar, Jabier Retegi, Jabier Ortubai, Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia eta Jose Maria Ormaetxea. Azken horri Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok eman zion oroigarria. Olanok Arizmendiarrietaren eraldaketarako gaitasuna nabarmendu zuen. 

Eta Ormaetxeak berak ere hartu zuen hitza eta bere bizitzako erreferente nagusia izan zen pertsonaren santifikazioa aldarrikatu zuen besteak beste. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak