Durangoko Azokak izango dituen berritasunez betetako 8 guneak aurkeztu dituzte goizean, Plateruenan. Aurten ez da kultura gonbidaturik egongo, eta Argizaiola Saria Gerediaga Elkartea sortu zutenek jasoko dute.
Inaugurazio ekitaldia, San Agustin Kulturgunean izango da aurten, Szenatokia gunean. Gune honetan, Zirko Anabasa izango da aurten berritasun nagusia.
Irudienea gunea ikus-entzunezkoez josita etorriko da, eta besteak beste Amama pelikula, Euskal Herriaren ABDak, eta Goenkaleren azken hiru atalak primizian eskainiko dituzte. Kabi@, guneak, bestalde, espazio fisikoa izango du aurrenekoz, domo geodesiko baten barruan egongo baita.
Ahotsenea gunean, 120 emanaldi baino gehiago egongo dira, 70 zuzeneko eta 50 solasaldi, eta Saguganbaran txiki eta handientzako jarduera ugari egongo dira.
Plateruenak Esne beltza, Korrontzi edo Iheskide bezalako izen handiko musika taldeak elkartuko ditu beste behin, eta Areto Nagusian Gogoetaren plaza antolatuko da bigarren urtez.
Azoka Telebistan aurten inoiz baino hedabide gehiagoren lankidetza egongo da, eta emisio jarraitua eskainiko du zuzenean.
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, Azokak egunero izango duen eskaintza zabala azpimarratu du, eta azoka gero eta elkarlan estuagoaren emaitza dela azaldu du.
Amaiera berezia
Azokaren 50. Urteurrenari amaiera emateko, ekitaldi bereziak egongo dira. Tartean, Lekord taldearen Sokak ikuskizuna, Korrontzi taldearen kontzertua edota Deabru beltzak taldearen emanaldia.