04/08 sumarioan auziperatuei babesa adierazi diete Bergaran, Librek deituta

Goiatz Arana Begiristain 2015ko aza. 16a, 17:25

Abenduaren 3an hasiko da, Madrilen, tartean lau debagoiendar dituen 04/08 sumarioko epaiketa, eta haiekiko elkartasun ekitaldia egin zuten egubakoitzean Bergaran, Librek deituta: auziperatuei babesa adierazi eta abenduaren 12an Bergara "aldarrikapen laranjaz" betetzeko deia egin zuten. Mahai gainean jarritako galderei erantzunez, auziperatuek eurek ere hartu zuten hitza ekitaldian, atxiloketa eta espetxe garaiak gogora ekarriz edota etorkizunera begira ipiniz.

Mikel Zubimendi, Mikel Garaiondo eta Aittor Arantzabal bergararrei, Ino Galparsoro arrasatearrari eta beste 30 euskal herritarrei elkartasuna adierazteko ekitaldia izan zen egubakoitz iluntzekoa. Bergarako Zabalotegi aretoan egin zuten, Librek deituta, eta senitarteko, lagun eta herritarrak batu zituen. 

Maitek Aristegik jardun zuen aurkezpen lanetan eta hainbat galdera ipini zituen mahai gainean, horiei erantzuteko, batzuetan atzera eta beste batzuetan aurrera begira jarraraziz auziperatuak.

Kartzela

Espetxe garaiak gogora ekarriz, kartzelak ez duela ezer konpontzen adierazi zuen Ino Galparsorok, Arrasateko alkate ohiak. Kartzelako egoeraren gogortasunaz hitz egin zuen Aittor Arantzabalek ere eta garbi utzi zuen ez lukeela nahi halako toki bat berriz zapaldu. Bere esanetan, dena ez da negatiboa, ordea: "Noraino heltzeko gai zaren erakusten dizu kartzelako egonaldiak eta barruan une ederrak ere pasa izan ditut". 

Etorkizuna

Aurrera begira ipini zen bere hizketaldian Mikel Zubimendi. 30 urtetan "gauza handiak" egin ditugula adierazi zuen, baina "oinarri popularra daukan prozesu independentista integral bat martxan jartzea falta" izan zaigula gaineratu. "Herri oso txikia" garela, "gure indargunea gure jendea" dela eta, ildo horretatik, etorkizunean ekuazio bat barneratzeko beharraz mintzatu zen: "Banatuta, ezina; eta batuta, etekina".

Saxofoi doinuak edota Libre ekimenaren argazkiz osatutako bideo baten emanaldia ere izan zituen ekitaldiak eta, amaiera aldera, Libre ekimeneko ordezkariak idatzi bat irakurri zuen, auziperatuen senideak agertoki gainean zirela. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskubideak praktikatzeagatik zigortu nahi dituela, baina eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu zuen. Bukatzeko, abenduaren 12an Bergara "aldarrikapen laranjaz" betetzeko deia egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak