Auziperatuei babesa eman eta abenduaren 12an Bergara "aldarrikapen laranjaz" betetzera deitu du Librek

Abenduaren 3an hasiko da Madrilen auziperatuen artean Mikel Zubimendi, Mikel Garaiondo eta Aittor Arantzabal bergararrak eta Ino Galparsoro arrasatearra dituen 4/08 sumarioko epaiketa. Haiekiko elkartasun ekitaldia izan da gaur Bergaran egindakoa. Abenduaren 12an, berriz ere, auziperatuen eta Arrano eta Artatseren alde biltzeko –kasu honetan frontoia betetzeko– deia egin dute Libre ekimenekoek.

Zabalotegi aretoan batutako jendearen aurrean, ekitaldia aurkeztu duen Maite Aristegik zenbait galdera planteatu dizkie auziperatuei, eta batzutan atzera –atxiloketa eta espetxe garaiak gogora ekarriz– eta beste batzutan aurrera –epaiketa eta "independentzia eta sozialismoa" lortzeko gakoak ahotan– begira erantzun behar izan dute haiek. 

Saxofoi doinuak eta Aittor Arantzabalek berak, espetxean zegoela, idatzitako Michele Angiolilloren gaineko liburuko pasarte baten irakurketa ere izan ditu ekitaldiak, eta Libre ekimenaren argazkiz osatutako bideoa ere eman dute. 

Ekitaldiaren amaiera aldera, berriz, auziperatuen senideak igo dira agertokira, eta Libre ekimeneko ordezkariak idatzia irakurri du. Bertan iragarri du abenduaren 12an ekitaldi jendetsua egin nahi dutela Udal Pilotalekuan, eta orduan ere egingo duten argazkiaren aurrerapen moduko bat egin dute eserlekuz eserleku banatutako kartulinekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.