Bergarako Librek eman du horren berri eta gogorarazi du lau horiek aurretik ere kartzelan izan direla auzi horren baitan. Libreko kideekin izan ziren Galparsoro eta Arantzabal, eta azken honek egoera gordinaren berri eman zien astelehen iluntzean Artatsen elkartutakoei. Martxora bitartean, epaiketan iraun bitartean, joan-etorrian ibili beharko direla Madrilera esan zuen eta hori nahikoa zigor dela. Baina, gainera, seguru asko zigor-epaia jasoko dutela argitu zien. Onartu zuen, Euskal Herriak beste lehentasun batzuk dituela orain, eta horretara bideratu behar direla indarrak, eta eskertu zuen bergararrek eta gainerakoek erakutsitako babesa.
Halaxe, Librekoek iragarri zuten epaiketaren zain egon arren "geldi" ez direla egongo, eta "epaiketa politikoek sekula ez dutelako izan zentzurik eta egun gutxiago"; eta jakinarazi zuten "zail" jarriko dizkietela kontuak Espainiar estatuari.
Hori horrela, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako auzipetuei babesa eskaintzeko, eta horietan parte hartzera dei egin diete herritarrei. Egubakoitzean, azaroak 13, elkartasun ekitaldia egingo dute Bergarako Zabalotegi aretoan, 20:00etan; ikus-entzunezkoa, musika, ekintzak eta ezustekoak izango dira.