Urriak lehorretik jo du eta azaroa ere bide berean doa. Pello Zabala eguraldi iragarleak emandako datuen arabera, urrian 61 litro bakarrik bota zituen. Kontuan hartuta urriko euri prezipitazioaren bataz bestekoa 155 litrokoa dela, euri gutxi egin duela esan daiteke eta urtegiak nekez bete dira. Hala ere, sasoi honetan Urkuluko urtegia ia egunero bertatik bertara ikusten duten herritarrei ez die kezka zor arazi. Izan ere, oraindik negua aurretik dator eta euria bota botako duela diote. Baina, iraila ere ez da oso euritsua izan eta 55 litro egin zituen.
Iraileko bataz bestekoa 90 litrokoa dela normalean azpimarratu du Pello Zabalak. Baina, ekaitza bota bota du, eta abuztu bukaeran egin du ganoraz euria. 96 litro batu dira eta ekaitz horiei esker, Urkuluko urtegia zertxobait bete da. Urrian ez du gogor euria egin. Tarteka zirimiri apurra izan da, euri lanbrotsua bota du eta hori ez dela urtegiraino heltzen azaldu du Zabalak. Ekaitzak eta euria ganoraz ikusteko, aldiz, oraindik itxaron egin beharko da. Izan ere, Europan gustura eta indartsu sartu dira antizikloiak; Pello Zabalak dio azaroaren 20ra arte itxaron beharko dela. Eguraldi iragarleak aurreratu du aldaketa klimatikoaren eraginez negua epela eta hezea izango dela.