'Kantari', badator!

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 3a, 16:30

Has daitezela neska-mutikoak ahotsak gertatzen eta koreografiak entseatzen, badator eta Kantari karaoke ikuskizuna Goiena Telebistara. Debagoieneko ikastetxe guztietan banatuko dituzte izen-emate txartelak astelehenean, azaroaren 2an, eta horiek egubakoitzerako, azaroak 6, beteta itzuli beharko dituzte ikastetxeko idazkaritzan edo Goienaren egoitzan.

Bosgarrenez egingo den lehiaketan parte hartu ahal izango dute 7 eta 11 urte arteko gaztetxoek, 2004 eta 2008 urte artean jaiotakoek. Eta aurreko aldietan legez taldeak izango dira gutxienez hiru lagunekoak eta gehienez bostekoak. Abestiak zozketa bidez banatuko dituzte eta ondoren entseguak etorriko dira. Kontu horiek guztiak posta elektroniko bidez edo telefonoz jakinaraziko diete gaztetxoen gurasoei, horregatik garrantzitsua da izen-emate txartelean datuok zehaztea.

Oraingoan ere Amaia Txintxurretak aurkeztuko du saioa eta ume guztiak animatu gura ditu: "Etorri parte hartzera! Abestiak, orain arte moduan, aurrez banatuko ditugu eta ondo entseatu ondoren primeran pasatuko dugu ikuskizun egunean". Grabazioak 2016ko urtarriletik martxora bitartean egingo dira, eta gero Goiena Telebistan eman. 

"Gu ere 'Kantari'-n egon gara"

Ilusioa, lotsa-puntua, urduritasuna… Artista galantak direla erakutsiko dute beste behin, neska-mutikoek. Eta halaxe, artista izateko bidean doaz orain dela urte batzuk Kantari-n lehen pausoak eman zituzten hainbat gazte. Sara Alonso aramaioarrak ETBko Izarrak kalean lehiaketa irabazi du. Aurretik Kantari-ko bi ediziotan jardun zuen: "Trenaren zain abestu genuen batean. Eta gogoan dut oso serio hartzen genituela entseguak". 

Aretxabaletako Beñat Arizabaletak ere Izarrak kalean eta Kantugiro lehiaketetan jardun du. "Baina nire lehen saioa jendaurrean Kantari-n izan zen", dio eta gaineratu du: "Primeran pasatu nuen, bai entseguetan, bai ikuskizunean, oroitzapen ezin politagoak dauzkat".

Bergarako Aitor Garitanok, ostera, Euskal Herriko haur kantarien txapelketa irabazi zuen ekainean. Eta eskarmentu handia du kantu ikuskizunetan, Peter Pan eta Mozkorra parregarri musikaletan jardun du-eta. Hark ere Kantari-n eman zituen lehenengo pausoak: "Boskotea elkartu ginen eta Furra Furra abestu genuen. Esperientzia oso polita izan zen", dio, eta sekulako giroa egoten zela Zabalotegi aretoan du gogoan: "Urduritasuna, ezinegona… Nire lehenengotako eskola izan zen eta ondoren hasi nintzen musika munduan: musikalak, abesbatzak, opera… Beti animatu izan ditut lagunak parte hartzera".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak