Jose Manuel Castells-en 'Mikeleteak gaur egun' berbaldiaz hasi dute UNEDen ikasturtea

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 31a, 10:14

Jendez lepo bete den Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin dute, gaur iluntzean, UNEDeko ikasturte hasierako ekitaldia. José Manuel Castells jaunak –irakasle emeritua Euskal Herriko Unibertsitatean–izan du ekitaldia hasteko ardura, Mikeleteak gaur egun izenburua duen berbaldiaz. Halakoetan ohi denez, hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute esku ekitaldian.

Hamarkada batzuk atzera eginez –eta historiari errepaso bat emanez– hasi dute UNEDeko ikasturte hasierako ekitaldia, Bergarako alkate Juanje Alberdik sarrera egin ostean: "Bergarako herria 40 urtez helduen hezkuntza ahalbidetzen duen proiektu hau sustengatzeko laguntzen ibili da, eta hala segituko du".

Eta ondoren hartu du hitza Jose Manuel Castells jaunak: XIX. mendean Gipuzkoako Foru Aldundiak “txapelgorri” ezizenez ezagutzen zen milizianoen gorpu honen historia errepasatu du EHUko irakasleak, eta bere gain zituzten betebeharrak gogorarazi ditu: besteak beste, bideen zaintza, ordena publikoaren kontserbazioa, hiritarren eta bidaiarien babesa eta lapurren edota gaizkileen pertsekuzioak. 

Ohiturari eutsiz, hasiera lekzioa eskaintzeko garaian bai hezkuntzan, kulturan edota humanitatean nabarmentzen den pertsonalitate bat aukeratzen dute, eta oraingoan Jose Manuel Castells unibertsitate irakasle bilbotarrari egokitu zaio ardura hori. Iaz, esaterako, Pedro Miguel Etxenike zientzialariak egin zuen ekitaldi hasierako berbaldia.

Hasiera ekitaldi honetan, baina, beste hainbat agintarik ere hartu dute hitza: Imanol Lasak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekin Komunikazio Diputatuak; Juan Jesus Alberdik Bergarako Alkateak; Adolfo Morais Ezquerrok, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordeak, Jorge Montes Salguero-k, Ikastetxe Elkartuko Inspekzio Zerbitzuko Zuzendariak eta Iñaki Esparzak UNED-Bergarako Zuzendariak.

"Egun berezia da, saria jasotzeko eguna"

Agintari eta bestelako ordezkariekin batera 2013-2014 ikasturtean ikasketak amaitu zituztenak ere batu dira ekitaldian, eta etxekoek lagunduta agintarien eskutik harro jaso dituzte ikasketa amaierako diplomak: "Egun oso berezia da, esfortzu baten osteko saria jaso dogulako gaur", adierazi diote GOIENAri diploma jaso duten hainbat ikaslek.

Bergarako alkatea, ikasketak amaitutako ikasle bati diploma ematen.

Hala, UNED-Bergaran urtero, batazbeste, 60 ikaslek amaitzen dituzte euren ikasketak (lizenziatuak, diplomatuak…). "Kopuru oso adierazgarria da hau, gipuzkoar unibertsiateak profil eta motibazio desberdinak dituzten ikasleen egoerara egokitzen den metodoa eskeintzen duelako".

Dagoeneko hasi dituzte aurtengo ikasturteko eskolak, baina hala ere, azaroaren 10era arte egongo da matrikulazio epea zabalik.   

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak