Hondakinen bilketa sistema herri galdeketa bidez erabakiko dute Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan

Ubane Madera 2015ko urr. 27a, 14:10

Debagoieneko herrietan egin asmo dituzten hiri hondakinei buruzko galdeketek badute data: azaroaren 29an egingo dute Bergaran eta Eskoriatzan; eta urtarrilaren 24an, Aretxabaletan. Bergaran eta Aretxabaletan bi sistema izango dituzte aukeran; eta Eskoriatzan, hiru. Hiru udalerrietan, hori bai, edozein hauteskundeetan erabiltzen den prozedura errespetatuko da. Aretxabaletako alkateak euren iritzia ematera animatu ditu herritarrak.

Bizilagunei aukeran emango zaizkien galdera kopurua berbera izango da Bergarako eta Aretxabaletako kasuetan: bi galdera.

Bergarako kasuan, honako aukerak jarriko dituzte mahai gainean: 5. edukiontzia, edo atez atekoa. Hala izatea onartu zuen, hain justu ere, atzo osoko bilkurak, baina oposizioan dagoen EH Bilduren desadostasunarekin. Atez atekoa erantzuna Gaur eguneko sistema erantzunagatik ordezkatzea proposatu zuen koalizioak, besteak beste. Juanje Alberdi Bergarako alkateak azaldu du zer dela eta erabaki duten galderak daudenetan planteatzea.

Aretxabaletako kasuan, atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren artean aukeratu beharko dute herritarrek, eta azaroaren 16ko osoko bilkuran onartuko dituzte herritarrei emango dizkieten aukerak.

Hiru aukera

Eta eskoriatzarrei dagokienez, haiek hiru aukeren artean erabaki beharko dute: 5. edukiontzia, atez atekoa edo sistema mistoa. Joserra Zubizarreta alkateak esplikatu du hori horrela egitearen arrazoia alderdi politikoen arteko erabateko adostasuna lortzea izan dela.

Kasuak kasu, herri galdeketen prozedura berbera izango da hiru udalerriotan: edozein hauteskundeetan erabiltzen den prozedura errespetatuko da, alegia. Hori bai, zenbait egokitzapenekin.

Aurretiazko botoa

Batzuk aipatze aldera, posta bidez bozkatzeko aukera ez da egongo, baina bai, aurretiaz botoa ematekoa: tokian tokiko udaletxeetan eta idazkariaren aurrean.

Bozkatu ahalko dute 18 urtetik gorako herritarrek, udalerrietako erroldak aintzat hartuta. Eta edozein hauteskundeetan moduan, botoak jasotzeko hauteskunde mahaiak osatuko dituzte. Hori bai, mahai-buruak herritarrak barik udal langileak izango dira; eta hasiera baten, boluntarioak eskatuko dituzte mahaiak osatzeko. Halakorik ezean, ohiko zozketara joko dute.

Aretxabaletako alkateak herritarrak bozka bidez euren iritzia ematera animatu ditu, liskarrak albo batera utzi eta orain herriaren txanda dela esanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak