Egokitzapen batzuk egin dituzte zerbitzuan eta atzerapena ez da jada hasieran bezainbestekoa, baina ikasgelara eskolak hasita daudela iristen jarraitzen dute eta, irteeran, denbora luzean egon behar izaten dira itxaroten askotan, lehen zain izaten zuten ordu bi t’erdietako autobusa ez delako euren zain egoten orain; egun batzuetan arratsaldeko lauak gertu izaten dira etxera heltzen direnerako. Modu horretan ibili beharrik izan gabe, ikastera duintasunez joateko eskubidea aldarrikatzen dute gazteentzat gurasoek eta Antzuolako Udal ordezkariek, eta Ipintzako eta Migel Altunako zuzendarien babesa ere badute.
Garraio publikoaren alde
Diote egungo eta etorkizuneko ikasleen alde dihardutela borrokan, arazoari orain konponbiderik eman ezean, egonkortuko den beldur direlako. Dela institutura edo beste norabaitera joateko, gainera, seme-alabengan zerbitzu publikoak erabiltzeko ohitura sustatu nahi dute.
Konponbiderik ez oraingoz
Lurraldebusekin eta Diputazioarekin ipini dira harremanetan baina, diotenez, hitz onekin erantzun dieten arren, ikasturtea aurrera doa eta soluziorik gabe jarraitzen dute. Erantzun teknikoa ezezkoa da, eta orain politikariekin hitz egiteko ahaleginetan ari dira, baina momentuz ez dute lortu. Pena azaldu dute, inoiz baino autobus zerbitzu gehiago izanda, horrela ibili behar izateagatik.