Sindikatua birpentsatze prozesu batean murgilduta dagoela adierazi diete batzarrean ordezkariei. Izan ere, ikusten ari dira azken zazpi urteetan eman diren politika "atzerakoien" ondorioz etorri diren aldaketa horiei aurre egiteko, ezin dutela euren ekintza sindikala lehengo parametroetan mantendu.
Batzarrean adierazi dute baita ere sindikalismoak baduela erronka bat errealitatea transformatu dezaketen eragileak izateko, eta gaineratu dute, horretan azken urte eta erdian gogor lanean dihardutela.
Urte guztirako daukaten plangintzaren aurkezpena ere egin diete ordezkariei, gero beraiek izango baitira ekimen horiek enpresetan zein kalean aurrera eramango dituztenak.
Alternatiben Herria
Eta batzarraren ostean, kontzentrazioa egin dute hilaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria ekimenaren harira. Adierazi dute azken urteotako politika ekonomikoek eta laboralek "porrot" egin dutela eta Bilbo "hiri alternatibo" bezala irudikatu nahi dutela hilaren 24an. Bertan hainbat esperientzia partekatuko dira, aldarrikapen eta jai giroan, Deba aldeko LABeko arduradun Jon Kirru Iparragirreren esanetan.