Gipuzkoako eredu fiskala EAJ eta PSEren erreformatik datorrela gogorarazi du Markel Olanok

Leire Kortabarria 2015ko urr. 15a, 14:56

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, atzo Gasteizen ospatu zen Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan lortu ziren akordioen irakurketa baikorra egin du gaur, eguena, Batzar Nagusietan. Ahaldun nagusiaren esanetan, lurraldeko eredu ekonomikoa, "industriaren bilakaera, batik bat", izan da diru-bilketa onaren erantzule, eta gogoratu du gaur egungo eskema fiskala 2013an EAJk eta PSEk adostu zuten erreformaren ondorio dela; modu horretara, atzo EH Bilduk egindako adierazpenei erantzun die. Bestalde, gaur Ogasunak jakinarazi du Gipuzkoan, irailera arte, iaz baino %8,4 diru gehiago batu dela.

Olanok nabarmendu duenez, Erkidegoko hiru lurraldeen artean harmonizazioa “ia osoa” da. Salbuespena Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zerga litzateke baina, gogoratu duenez, zerga honek aurtengo hazkundean izan duen eragina %0,6koa bakarrik da.

Diputatu nagusia eta Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean izan dira gaur, atzo ospatu zen Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren berri emateko agerraldian. Foru Aldundiaren ordezkariek atzoko akordioaren irakurketa baikorra egin dute, Gipuzkoak aurreikuspenak bete dituela azpimarratu eta bilkuran adostutako banaketa eta aurreikuspenen berri eman dute.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren inguruan ere hitz egin dute Olank eta Larrañagak, eta udalek “datu onak” izango dituztela aurreratu du diputatu nagusiak. “Aurreikuspenak betetzeak onurak ditu, guztiontzat, baita udalentzat ere”, azaldu du. Datuak bihar helaraziko dizkiete zuzenki udal ordezkariei Gipuzkoako Finantzen Kontseiluaren baitan. Olanok aurreratu duenez, Gizarte-politiketarako funts bat eratu da, eta honen berri ere emango da biharko bilkuran. Hasiera batean 10 milioiko zenbatekoa izango du eta “kualitatiboki” berrikuntza esanguratsua dela azpimarratu du.

Iaz baino 201 milioi gehiago

Bestalde, diru-bilketari dagokion Gipuzkoako datu berriena jakinarazi du Foru Ogasunak. Hain zuzen, irailaren 30era arte iazko epe berean baino %8,4 diru gehiago batu da Gipuzkoan. Zehazki, 201 milioi euro gehiago batu dira.

Sozietateen gaineko zerga, lan eta ondare irabazien atxikipen, BEZ eta PFEZ kontzeptuetan izandako hazkundeek azaltzen dute epe honetako bilakaera positiboa, Foru Ogasunak azaldu duenez. Arlo positiboan, baita ere, PFEZ zergaren itzulketak murriztu izana. Alderdi negatiboan, aldiz, BEZaren Estatuarekiko doikuntzak gutxitu direla eta Sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu direla nabarmendu behar da.

Izenburuko datua kontzeptuka banakatuz gero, PFEZri zerga-bilketa garbia %6,7 handitu da (59,3 milioi euro gehiago). Sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbia, bere aldetik, 28 milioitan hazi da iraila arte, 2014ko epe berdinarekin alderatuz gero.

Zeharkako zergen arloan, Aldundiak kudeatzen duen BEZaren atalean %14,1 hazi dira sarrerak, 91,1 milioi euro gehiago. Zerga berezietan, aldiz, diru-bilketan apenas dago aldaketarik. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen bilketa metatua 14,7 milioi jaitsi da BEZari dagokionean, eta 3,6 milioiko hazkundea izan du Zerga berezien atalean. Guztia, beti ere, 2014ko aldi berdinarekin alderatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak