Arabako eta Bizkaiko diputazioek esandakoari erantzunez, atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramale Josu Erkorekak onartu zuen diru-bilketa uste baino txikiagoa izanak "isla" izango duela Kontseiluak hartzen dituen erabakietan, eta "ondorioak" izango dituela "hitzartutako zergetatik finantzatzen diren erakunde guztien" aurrekontu publikoetan. Modu horretara, murrizketei atea ireki zien.
Erkorekak esan zuenez, aurreikuspenak betetzen ari ez direnez, gastua "diru-sarreretara egokitu beharko da" bien arteko "oreka" bete dadin. "Administrazio publiko bakoitzak bere burua antolatu beharko du eta behar diren erabakiak hartu beharko ditu", esan zuen Erkorekak.
EH Bildu: "Gipuzkoako eredu fiskala justuagoa da"
Gipuzkoako EH Bilduk, bere aldetik, azpimarratu du "Gipuzkoak bakarrik espero" duela aurreikuspena betetzea, eta gaur egun Gipuzkoak duen eredu fiskala (EH Bilduk ezarritakoa) "inguruko herrialdeetan ezarrita dagoena baino askoz justuagoa" dela. "Aldiz, Xabier Olanoren iritziz, "kaltegarria da EAJ-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoara ekarri nahi duen sistema, elite pribilegiatuak babesten dituelako, desberdintasunean sakontzen duelako eta diru gutxiago biltzen duelako. Horregatik, Markel Olanori eskatzen diogu alde batera utzi dezala enpresari aberatsenak zergak ordaintzeaz libratzen dituen politika eta ez dezala Gipuzkoara ekarri Bizkaian porrot egin duen eredu fiskala".