Nobedadez beteta aurkeztu du Goiena Telebistak udazkeneko programazioa

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 1a, 20:00

Udazkenarekin batera programazio berria aurkeztu du Goiena Telebistak. Nobedadez beteta dator gainera, saio berriak izango direlako protagonista hurrengo asteotan. Beste batzuen artean daude Korapilo umeendako saioa, Muga barik bidaien gainekoa eta Bergara Chef, Bergarako sukaldarien arteko lehiaketa.

Debagoiendarren gustuak ase nahian, adin tarte guztiak hartu dituzte kontuan. Hala, etxeko txikiekin gogoratu dira eta zapatuetan, jolasekin betetako tartea izango dute horiek.

Etxeko txikiendako Korapilo

Euren tamainako saioa izango dute zapatutik aurrera umeek: Korapilo. Jolaserako eta ondo pasatzeko gogoz etorriko den Maddi neskato alaiak, magiaren, jolasen eta ipuinen mundura eroango ditu zapatu guztietan, 2 eta 6 urte arteko neska-mutikoak. 

Maddi, baina, ez da bakarrik etorriko, makinatxo bat kolaboratzaile izango ditu alboan saio guztietan. Marikalanbre pertsonaiak, esaterako, zientzia kontuak ekarriko ditu eta Hodei magoak, magia truku harrigarriak. Horiez gain kantuan egingo dute, ipuinak kontatuko dituzte, baita eskulanak egin eta sukaldean jardun ere Maddik gidatuta.

EKT, euskal kulturgintzaren gainean solasean

Bidaiek lekua izaten jarraituko dute, oraingoan martitzenetan botako den Muga barik saioan.

Eta eguenetan, EKT programa berriarekin gozatuko dute euskal kulturgintzari eta sorkuntzari jarraipena egiten diotenek. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ekoiztutako saioa da, hain zuzen ere iazko ikasturtean aditu tituluaren bueltan jasotako saioa. Egungo euskal kulturaren gainean zeresan handia duten gonbidatuak izan zituzten MUko ikasleek eta horiek esandakoak bildu dituzte EKT saioan. Beste batzuen artean honako hauen hausnarketen berri izango dute ikusleek: Jon Sarasua, Ander Lipus, Lorea Agirre, Juan Jose Ibarretxe, Aire ahizpak eta Josu Zabala. 

Bergara Chef azaroan hasita

Sukaldaritzak sarri izan du lekua Goiena telebistan, eta azarotik aurrera berriro izango du tarte bat. Bedelkarrek –Bergarako merkatarien elkarteak– antolatuta eta Bergara Bizi eta GOIENA laguntzaile direla sukaldarien arteko lehia iritsiko da ikusleengana Aitor Agirianok aurkeztuta. 

Sukaldean jardutea gustuko duten hamar bikotek jardungo dute norgehiagokan, eta saio bakoitzean bi bikote izango dira aurrez aurre. Bikote horiek egunean bertan jasoko dute zein osagai erabili ahal izango duten, eta ordubeteko tartean erosi beharko dituzte horiek Bergarako dendatan. Herriko gastronomi elkarte batera joko dute gero, eta bi ordu izango dituzte orduan, erositako osagaiekin eskatutako bi plater gertatzeko.

Eskarmentu handiko sukaldariak izango dira epaimahaiko kide, eta horiek epaituko dituzte egindako plater biak. Emandako puntuekin sailkapena osatuko dute, eta buruan geratzen diren bi taldeek ezustekoz betetako finala jokatuko dute gero.

Berriak eta Debagoiena zuzenean

Nobedadeak asko dira, baina orain artekoak ahaztu barik eta berritasunekin beteta datoz horiek ere. Gertuko informazioak leku handia izaten jarraituko du, batetik Berriak albistegian eta bestetik, Debagoiena Zuzenean tartean. Debagoienean gertatutakoak jasoko dituzte protagonisten eskutik batean zein bestean.

Eta betiko saioek lekua izaten jarraituko dute Goiena Telebistan: Harmailatik kirol saioa astelehenetan; Amaia DJ musika saioa egubakoitzetan orain; Debagoieneko jaien gaineko saioak; eta Arrasate, Bergara eta Oñatiko osoko bilkuren gainekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak