Markel Uriarte nagusi, Arrasateko lehen enduro arrakastatsuan

Xabier Urtzelai 2015ko ira. 20a, 19:24

Lasterketa hasi aurretik urduri zegoen Markel Uriarte, baina, urduri egonda ere, aretxabaletarrak kontrarioek baino akats gutxiago egin ditu –eta maila oneko jendea egon da–, eta ikusle asko batu dituen Arrasateko lehen enduro lasterketa poltsikoratu du. Lasterketa, zabal, Harmailatik saioan (Astelehena, 22:00).

Pilotuak 09:30ean hasi dira lanean. Zigorrolan hasi eta banan-banan joan dira lehen tramu hasierara, denbora galdu barik. Hala, tramu kronometratuetan topera beherantz –lehenengo biak buruz ezagutzen zituzten gehienek–, eta behin erlojua geratuta, hurrengo tramurako bidea ahalik eta azkarren egiten saiatu, indarrak neurtuta, hori bai: "Ikustekoa da jaisten zenbat energia erretzen den, leher eginda iristen zara behera. Eta ia errekuperatu barik, goranzko bidea hartu behar", zioen lasterketan lehenengoz parte hartu duen lasterkari batek.

Hirugarren eta laugarren tramuak, ostera, azkenera arte sekretupean izan dituzte antolatzaileek, eta rider gehienek hor gozatu dute gehien.

Hala, Markel Uriartek 16:58 minutuan bete ditu lau tramuak, eta atzetik zuen Jose Antonio Diezi 34 segundoko tartea atera dio. Borja Marron, podiuma bete duen hirugarren laguna, berriz, 2 minutura geratu da.

Txomin de Vega, Master 30ean nagusi

Lasterketako beste gizon azkarretako bat Txomin de Vega elgetarra izan da, master 30 kategorian lehenengoa (17:51), eta elitean parte hartu izan balu podiumera igoko litzatekeen pilotua. Eta aipatzekoa, baita ere, 23 urtez azpikoen maila, podiumera igo diren hiru lagunak ibarrekoak direlako: Adrian Jurado izan da azkarrena, Julen Axpe bigarren, eta Beñat Burgi hirugarren.

Ikusle asko lasterketa jarraitzen

Kirol hitzordu borobila izan da enduroko lehenengo lasterketa. Asier Rosado eta Koldo Arana antolatzaileek zorion mordoa batu dituzte, eta agindu dute datorren urtean bigarren edizioa egingo dutela: "Eta nobedade eta sorpresa gehiagorekin. Gu ere oso pozik geratu gara lasterketak eman duenaz, eta batez ere jende asko etorri izanak poztu gaitu".

Bihar, astelehena, Harmailatik saioak (22:00) lasterketaren laburpen zabala jasoko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak