Geletara sartu aurretik, lagunekin elkartu dira ikasle asko, eta oporretako kontuen berri eman diote bata besteari. Eta behin gelara sartu ostean ere, oporrei buruzko kontaketekin jarraitu dute, irakaslearekin batera.
Askok tutore berriarekin ekin diote ikasturteari eta lehen orduak elkar ezagutzen joateko ere erabili dituzte.
Gaurko eguna lasaia izaten da eskoletan; ikasturterako beharrezko izango duten materiala zein izango den ere esaten diete irakasleek, eta ondorengo egunetan hasiko dira liburuak hartu eta matematika, historia, gizarte eta horrelako ikasgaiak ematen.
Ume eta gaztetxoak ere, beraz, itzuli dira egunerokotasunera.