Errefuxiatuak izan ditu gogoan Munillak, Arantzazuko Amaren egunean

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko ira. 9a, 14:32

Irailak 9, Arantzazuko Amaren eguna da gaur, eta urtero bezala, aurten ere jende ugari izan da Arantzazun meza nagusia entzuten. Hainbat ordezkari politiko ere bertan izan dira. Donostiako gotzain Jose Inazio Munillak esan du meza, eta gaurkoan errefuxiatuak izan ditu gogoan. Esan du Elizbarrutiko Caritas aztertzen ari dela zer egin kalteak jasaten ari direnei laguntzeko.

Gaur, irailak 9, Arantzazuko Amaren eguna da, egun handia fededunendako. Jende ugari izan da Arantzazun: herritarrak eta baita ordezkari politikoak ere.

Ordezkari politikoak

Meza nagusiaren aurretik elkartu dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Oñatiko alkate Mikel Biain. Horien ostean iritsi da Gipuzkoako Diputatu Nagusia den Markel Olano.

Ordurako santutegiaren kanpoko aldean zeuden baita ere hainbat diputatu eta Oñatiko zinegotziak. 

Aurreskua dantzatu diete eta horren ostean meza entzutera sartu dira. EH Bilduren Oñatiko udal ordezkariak kanpoan geratu dira.

Errefuxiatuak gogoan

Meza nagusia jendez bete da eta Donostiako gotzain Jose Inazio Munillak esan du meza. Siriako eta Irakeko errefuxiatuak izan ditu gogoan. Azaldu du ebanjelioak dioen bezala, gu ere "bidea galduta eta nahastuta" aurkitzen garela artzainik gabeko ardiak bezala. Gaineratu du harrera ekimena jarri nahi dutela abian Donostiako Elizbarrutian.

Ordu eta laurden inguru iraun du mezak.

Presoen aldekoak

Santutegiaren kanpoko aldean izan dira baita ere urtero bezala, presoen aldeko aldarria egiten hainbat lagun. Ertzaintzak zeuden tokitik apur bat mugitzeko eskatu die eta Oñatiko alkate Mikel Biainek "lotsagarritzat eta lotsagabetzat" jo du Ertzaintzak senideekiko agertu duen jarrera.

Erlazionatuak

Arantzazuko Amaren eguna 2015

Amaia Txintxurreta Guridi 2015 ira 09 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak