Omenaldi beroa egin diote herritarrek Jose Luis Elkorori eguerdian Bergaran

xabier urtzelai 2015ko ira. 3a, 13:34

Herrikideen babesa gertu gertutik sentitu ahal izan du Jose Luis Elkorok eguerdian, Bergaran egin dioten harreran. Mikrofonoa hartuta, esker hitzekin batera, indarrak batzearen garrantziaz aritu da. 

Herrikideen babesa gertu-gertutik sentitu ahal izan du Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko kide historikoak, Bergaran egin dioten harreran. San Martin plazan izan da, jendetza eta ikurrinak alde banatan zituela. Hainbat lagunekin besarkatu ostean, Xabier Amurizak bertsoa eskaini dio eta Elkorok hitza hartu du ondoren. Eskerrak eman dizkie herritarrei eta indarrak batzearen garrantzia azpimarratu du: "Euskal Herria, gure herria, txikiagoa edo handiagoa, aberatsagoa edo txiroagoa, baina gure herria azken finean, guk behar duguna, haren alde borrokatu behar dugu. Guztiok elkartuta, Indarrak batuz herria lortuko dugu". Eta adierazpenen ostean, besarkada gehiago; emaztearenak, lehenengo. Bilobek emandako loreak jaso ditu segidan eta, patxada handiagoz, beste lagun asko agurtu ahal izan ditu hurrena.

Elkorok gaur zuen hitzordua Martuteneko espetxean, orkatilan eraman duen gailu telematikoa kentzeko, baina atzo arratsaldeko lehen orduan deitu zioten, ezustean, eta berehala joateko agindu. Erabat aske geratu zen bostetarako.

Zortzi urteko kartzela zigorra betetzeko puntuan

Zortzi urteko kartzela zigorra bete du ia Jose Luis Elkorok, horietatik hiru espetxe ezberdinetan igaro ditu eta beste bost bere etxean, pultsera telematikoarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak bi aldiz kartzelatu du: lehena, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide zela Alternatiba Demokratikoa zeritzon zirriborroa aurkezteagatik; urte eta erdi kartzelan egon ondoren, konstituzionalak absolbitu egin zuen. Bigarren kondena Egin egunkariko administrazio-kontseiluko zuzendaritzako kide izateagatik etorri zen.

Bihar, egubakoitza, 19:00etan, beste ekitaldi bat egingo dute Elkororen alde, preso egon den urteetan hura aske uzteko eskatu duen Mugituko da plataformak deituta. Eta zapatuan, elkartasun afaria, Elkoro eta Bixkairekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak