Gaur egun liburuek jarraitzen dute izaten gastu handiena ikasturte hasieran, eta familiek ikasle bakoitzak behar izaten duen materialarekin 300 eurotik gora gastatzen dute bataz beste ikasturte hasieran. Azken egunotan Aretxabaletako Tinta Beltza paper dendan, adibidez, ikasle mugimendua nabari dela azaldu du bertako arduradun Josune Erañak.
Egunotan ikasle txikienak omen dabiltza behar duten materiala erosten: koadernoak, arkatzak, margoak eta karpetak, besteak beste. Eta nagusiagoak behin eskolan hasi eta beharrezko izango duten materialaren zerrenda jaso ostean joaten omen dira erosketak egitera. Horiek ere erosten dituzte koadernoak eta boligrafoak, baina bestelako materialaren bila ere joaten dira: agendak, USBak, hiztegiak...
Beraz, ikasleen ikasketa mailaren arabera, gastuak asko aldatzen dira: maila geroz eta altuagoan egon, eskolara itzulerak dakartzan gastuak ere handiagoak izaten dira. Eta Erañak gaineratu du, nerabeek gainera markari ere begiratzen diotela materiala erosterako orduan.
Eskolako materialaren gastua bakarrik ez, eskolaz kanpo umeek egiten dituzten ekintzen matrikulek eta horrelakoek ere gastua dakarkie gurasoei, baina gastuak gastu, aurre egin behar horri ere.