Epeleko konpostatze planta ia prest

Eneko Azkarate 2015ko abu. 24a, 19:00

Angiozarren kokatuta dagoen hiri hondakinak tratatzeko Epeleko planta aurki egongo da prest. Hilabete eta erdi barru. 9.000 tona materia organiko konpost egiteko ahalmena izango du, eta, hasiera baten, Debagoieneko (6.000 tona urtean) eta Debabarreneko (3.000 tona urtean) bio hondakina tratatuko ditu. Hala adierazi zuten atzo, bertara egindako bisita aprobetxatuz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko orain arteko arduradunek.

Azken urte hauetako balantzea egin dute Kontsortzioko kudeatzaileek atzo, astelehena, goizean Bergarara egindako bisitan. Izan ere, aurrerantzean, EAJ eta PSE-EE alderdien esku geratuko da azken agintaldian Bilduk gehiengoz kudeatu duen erakundea.

Ainhoa Intxaurrandietak eta Imanol Azpirozek, gaur arte GHK-ko lehendakaria eta lehendakari ordea, hurrenez hurren, izan direnak, egin dute Epeleko konpostatze plantaren aurkezpena. Era berean, azken urte hauetan hondakinen kudeaketan emandako aurrerapenen balantzea egin du Intxaurrandietak.

Bestalde, konpostagune berriko prozesuak azaldu ditu Azpirozek, eta aipatu du laster prest egongo dela "kalitate goreneko" konposta lortzeko. "Azpiegitura egokia diseinatzen saiatu gara, azkeneko detailea zainduz eta punta puntako teknologiarekin hornituz", adierazi du.

9.000 tona urtean

Konpostatze plantak urtean 9.000 tona bio hondakin tratatzeko ahalmena izango du. Organiko tona hauekin 2.300 tona konpost lortuko da urtean. Adierazi dutenez, plantan hezetasuna eta tenperatura "uneoro kontrolatuta" egongo dira. Bertako teknikoak erabateko kontrola izango dute prozesuko atal bakoitzean konpostaren kalitatea bermatzeko.

Era berean, plantan gune garbia eta zikina bereiziak egongo dira, "Lapatxen gertatzen den ez bezala". Tratamendu intensiborako zortzi tunel izango ditu plantak, eta bertan lau astez tratatuko da material organikoa. Beste bost aste heltze gune batean egongo da, eta azkenik konpostaren tamaina egokia bermatuko duen kribadora batetik igaroko da, zati handiak baztertzeko eta prozesu hasierara bideratzeko hainbat onura tarteko.

Transferentzi estazioa

Epelekoa ez da konpostatze planta izango soilik. Hau da, ez du materia organikoa bakarrik jasoko. Transferentzia estazioak, Debagoieneko errefusa, papera eta ontzi arinak elkartzeko funtzioa izango du. Ondoren, dagokion tratamendu plantara eramateko.

Hauez gain, azpiegitura nagusiei zerbitzu emango dieten beste gune batzuk ere egongo dira: bio-filtroa, baskula, kamioen garbiketa gunea, bulegoak eta aldagelak.

Adierazi dutenez, eraikin honek ez du izango ur-sareko hornikuntzarik. Ingurumenarekin ahalik eta jasangarriena izateko helburuz, euri urak aprobetxatuko ditu bere funtzionamendurako.

Kanpoko estaldura tonalitate desberdineko lamina berdez osatuko da, eraikin-multzoa bateratu eta ingurumen naturalean ahalik eta hobekien integratzeko.

"Merezi duen langile prestuak"

Azpiegitura honek "merezi duen langile prestuak" izateko lehiaketa publikoa ireki zela adierazi du Intxaurrandietak, eta dagoeneko "azpiegitura honek merezi dituen langile trebatuak" aukeratuak daudela aurreratu du.

Aldaketa "kuantitatibo eta kualitatiboa"

Bestetik, azkeneko agintaldi honetan emandako "aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboa" nabarmendu du, datuetan oinarrituz. "Gipuzkoak, hondakinen kudeaketa iraunkorraren alorrean, izugarrizko urratsak eman ditu urteotan" esan du Intxaurrandietak.

Hemen, hedabideei banatutako datuak:

  • Agintaldi hasieran, 2011n, 6.000 tona materia organiko gaika bildu ziren. Aldiz, 226.000 tona zabor nahasi isuri ziren zabortegietan.
  • 2014an, berriz, 25.000 tona materia organiko gaika bildu ziren, eta 172.000 tona isuri ziren zabortegietan.

GHK erakundeko orain arteko arduradunek adierazi dutenez, aurten aurreikuspenak hobetzen dihardute, "modu esanguratsuan". 35.000 tona materia organiko gaika biltzea aurreikusten dute eta zabortegietara 160.000 tona zabor isurtzea.

Imanol Azpiroz GHK-ko lehendakari ordea azalpenak ematen Epeleko plantan atzo, martitzena.

Emaitza "pentsaezinak"

"Pentsaezina zen emaitza hauek horren denbora laburrean lortzea, baina ez soilik materia organikoari dagokionean, Gipuzkoan ezarri diren gaikako bilketa eredu eraginkor ezberdinei esker, lortu diren emaitzak izugarriak izan baitira, oro har" esan du Intxaurrandietak.

Emandako datuen arabera, agintaldiaren hasieran, hiri hondakinen %32 gaika biltzen zen eta gaur egun %47 biltzen da, batez beste, eta zenbait eskualdetan mankomunitateek —Debagoienekoak, Sasietakoak eta Tolosaldekoak— , %60tik gora jasotzen dute gaika.

Laburbilduz, GHK-ko orain arteko kudeatzaileen esanetan, agintaldi honetan gaika bildu den materia organikoa %600 hazi da, errefusaren sormena %30 jaitsi da eta gaikako bilketak %15 egin du gora.

Tratamendu Mekaniko Biologikoko Zubietako planta

Intxaurrandietak adierazi du datu hauek ikusita "agerian geratzen" dela Epeleko eta Lapatxeko konpostatze plantak ez direla nahikoak izango egun biltzen den organikoa tratatzeko. "Baina, Tratamendu Mekaniko Biologikoko Zubietako planta, Gipuzkoan biltzen den hondakin guztiari irtenbidea emateko diseinatua dago, azpiegitura horrek urtean 20.000 tona materia organiko konpost bilakatzeko prestatua baitago. Eta Sasietan urtean 10.000 tona tratatzeko beste konpostagune bat eraikitzeko lehen urratsak emanak daude" Intxaurrandietaren esanetan.

Bilduren Foru Aldundiaren eta gaur arte agintean egon diren GHKko arduradunen asmoa izan da Zubietan Tratamendu Mekaniko Biologikoko planta egitea, hiri hondakinak tratatzeko, errauste plantaren ordez. Baina maizter berriak ditu G¡puzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko ardura duen kontsortzioak. EAJ eta PSE-EE dira nagusi bi erakunde horietan eta Zubietan errauste planta egingo dutela berretsi dute, bai hauteskundeen aurretik eta ostean ere.

"Birziklatzea eta konpostatzea da bide zuzena"

Edozelan ere, Intxaurrandietak zera helarazi nahi izan die arduradun berriei: "Datu hauek eskutan, espero dugu  GHK-ko agintari berriek azken urte hauetan emandako urratsei eustea, eta hondakinen kudeaketa iraunkor eta garbi baten aldeko apustua egitea".

"Europar parlamentuak zabortegi eta erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketaren alde egin du apustu, eta zero zabor norabidean urratsak emateko eskatu die Europar Elkarteko herriei, kutsadura eta berotegi efektua saihesteko" esan du.

"Birziklatzea eta konpostatzea da bide zuzena" amaitu du Intxaurrandietak, "hori baita modurik iraunkorrena eta azkarrena Europatik datozkigun helburuak betetzeko, eta bide horretan beti izango gaituzte bidelagun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak