Urbiara bertaratzen direnek 11:30ean dute lehen hitzordua, ermitan bertan, Urbiako artzain eta mendizale guztien izenean eskaera egiteko, mezetan. Eta besteak beste, omenaldia egingo diote, Joseba Etxeberria frantziskotarrari eta laguntzaile dituen Inaxiori eta Jexuxi. Ondoren bertsolarien saioa izango da.
13:00etarako egin dute hurrengo hitzordua, artzain txakur lehiaketa izango da eguerdi parte horretan. Eta eguna borobiltzeko, bazkal aurretik eta ondoren, erromeria izango da Fonda inguruan.
12:30ean, fracking-aren kontra
Baina jairako ezezik, protestarako ere baliatzen da azken bi urteotan Urbiako jaia. Hain justu ere, Debagoieneko Frackingaren aurkako taldeak protestarako deia egin dute biharko. Iaz moduan, asmoa da 12:30ean elkartzea Fonda aurrean haustura hidraulikoaren aurkako Gipuzkoako taldeak eta lur azpiko gasa eskuratzeko erabili nahi duten "haustura hidrauliko teknikak lurrari eragiten dizkion ondorio larriekin kezkatuta dauden guztiak", elkarretaratzea egiteko.
Arrasate-Elorrio
Eta jai kontutan sartuta, besteak beste, inguruan izango den San Inazio eguneko beste ospakizun bat Arrasateren eta Elorrioren arteko mugan, Kanpantzarren egingo dute. Izan ere, uztailaren 31n Elorrio eta Arrasate arteko elkartasun eguna ospatu ohi da, eta aurten ere egin dute horretarako hitzordua.
Arrasateko alkatea, Maria Ubarretxena eta Udal korporazioko erordezkaritza bat bertaratu egingo dela jakinarazi dute. 11:00etan hasiko da jaia eta bazkal-ostera arte jardungo dute betan.