Pozik hartu du Mikel Irizarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren izendapena: "Oso pozik, ilusio handiz, ze izendatu nautenek ondo ezagutzen naute eta joan dira nire profileko pertsona baten bila, justu, nire ezaugarri horien bila: irekitasuna, eta anbizioa; horrela lan egitea eskaini didate eta ni zentzu horretan oso eroso nago, eta horrek niri ilusio handia ematen dit. Baina gainera, uste dut nik dudan eskarmentuaz eta ibilbideaz eta sektorearen ezagutzaz ekarpen on bat egiteko moduan nagoela euskararen prozesuan oso garrantzitsua den momentu batean", adierazi dio Goiena Komunikazio Taldeari Diputazioko euskara zuzendari berriak.
Euskalgintzan eskarmentu handia
Mikel Irizarrek ibilbide luzea dauka euskalgintzan. Kutxan eman zuen ibilbide profesionala 2011. urtera arte, aurre-erretiroa hartu zuen arte; eta ogibidez bankaria izan arren, lanean ibili zenean euskararekiko sentsibilizazioa agerian utzi zuen bere jardun profesionalean; besteak beste Kutxan bertan hizkuntza-kudeaketaren eta barne-komunikazioaren arduradun izandakoa da Irizar. Eta Gizartekintzara pasatu zen ondoren, Kutxa Fundazioko zuzendari-ondokoa izatera.
Arrasate Press-en sorreran
Baina bereziki, euskarazko tokiko hedabideekin lotuta erakutsi du euskararen aldeko bere hautua. Horren adierazle, 2013ra arte Tokikom-eko, hau da, euskarazko tokiko hedabideen elkarteko presidentea eta Euskaltzaleen Topagunekoa izan zen Mikel Irizar. Eta mugimendu horren bultzatzaile eta kolaboratzaile historikoa ere bada.
Izan ere, euskarazko tokiko hedabideetan aitzindari izan zen Arrasate Press-en sorreran buru-belarri parte hartu zuen Mikel Irizarrek berak orain dela 25 urte. Hasierako kolaboratzaileetako bat izan zen, eta harrezkero ez dio utzi kolaboratzaile izateari. Gaur gaurkoz, Goiena papera-ren kontrazalean Azken Berba duten eragileetako bat da Mikel Irizar.
Goiena taldearen bultzatzaile
Baina hori baino dezente nabarmenagoa dena: 2000an Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi izan zen ormaiztegiarra. Lehena izan ere, Irizar bera izan zen Debagoieneko euskarazko tokiko hedabideak elkartu eta Goiena Komunikazio Taldearen sorrera posible egin zuten bultzatzaileetako bat.
2.300 mahatsondo
Azken urteotan Elorrion bizi da Mikel Irizar, Esteñibar baserrian. Bere blogari izena ematen dion Piperrautsa modukoa izaki, ezin geldi egon eta erretiro lasaiaz gozatu beharrean, 2.300 mahatsondo landatu eta bere mahatsetatik eratorritako txakolina egitea du urteotan zaletasunetako bat. Beste bat, Esteñibar landa-etxe modura eskaintzea turistei, beti ere, turismo arduratsua bultzatuz. Eta zela ez, buru-belarri segitzen du han eta hemen (euskaraz, batez ere) komunikazio alorrean kolaboratzen.