Garagartzara aldatuko du Fagor CNA Groupek Bergarako eta Basauriko ekoizpena

Julen Iriondo 2015ko uzt. 10a, 14:33

Lau hilabete eskasetan ekoizpen ahalmena bikoiztu egin du konpainiak. Horrez gain, 2015 bukaerarako edo 2016 hasierarako Bergarako ekoizpena ere Arrasateko Garagartzara aldatuko dutela azaldu dute, eta baita Basaurikoa ere. Bulego guztiak ere bertan jarriko dituzte.

Fagor CNA Groupeko arduradunek azaldu dute lau hilabete eskasetan ekoizpen ahalmena bikoiztu egin duela konpainiak: Garagartzako lantegia errendimendu osoan lanean jartzea lortu dutela, eta horrek ekarriko duela urte amaierarako garbigailuen eta labeen ekoizpena handitzea urteko azken hiruhilekorako, Espainiako eta nazioarteko merkatuetako salmenta igoerari esker. Egosketa sailaren ekoizpen ahalmena %30 haziko ei da urrirako, epe berean garbigailuena bikoiztu eta eltzeena lehenago, irailerako.

Izan ere, Eskoriatzan topera ari dira eltzeen ekoizpenarekin. Oso litekeena da, gainera, lantegia handitzea, dirudien bezala azkenean ekoizpenaren zati bat Chinan egitea baztertzen badute behintzat.

Garagartzakoaz gain, beraz, Eskoriatzakoa izango da Fagor CNA Groupen planta bakarra. Izan ere, Bergarako eta baita Basauriko ekoizpena ere Arrasatera aldatzeko asmoa du 2015 bukaerarako edo 2016 hasierarako. Garagartzan egingo dituzte, beraz, termo elektrikoak eta gas berogailuak ere. Kostuetan aurrezteko hartu ei dute erabakia.

Gaur egun bost lekutan banatuta dituzten bulegoak ere, Garagartzara eramango dituzte denak; irailerako iragarri dute aldaketa.

Aurtengo urterako aurreikusitako 200 milioi euroko fakturazioa beteko ez dela onartu arren, administrazio kontseiluko presidente Jorge Parladek adierazi du arrakastaz lortu direla aurreko udan industria ekoizpena abiatzean jarritako helburuak. Gainera, Espainiako banatzaile guztiekin akordioak egin dituztela eta nazioartekoekin ixtear dituztela jakinarazi du. Lehia handia dela-eta aurtengo fakturazio helburuak betetzeko izandako zailtasunak gainditze bidean direla ere esan du.

Produktu berriei dagokienez, berrikuntza ipar, I+G Saila indartu egin dutela azaldu dute enpresako arduradunek. Zentzu honetan, merkaturatuko dituzten hozkailu berriak diseinatzen ari omen dira, eraginkortasun energetikorako baldintza berriak bete ditzaten, besteak beste. Ekoizpena urteko azken hiruhilekoan jarriko dute martxan.

570 langile ditu gaur egun Fagor CNA Groupek, eta urte bukaerarako 590 eta 630 artean izan ahalko omen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak