Hondatutako gailuen %90 konpondu dituzte Kafekonpon egitasmoan

Goiatz Arana Begiristain 2015ko uzt. 9a, 19:00

Bergarako Kafekonpon egitasmoak atseden hartuko du abuztuan, eta irailean itzuliko da: hileko bigarren eguaztenean, ohiko moduan. Urte eta erdi inguru egin ditu egitasmoak eta balorazioa oso positiboa da: hilero joaten da jendea, gero eta gehiago, eta hondatuta eramandako gailua konponduta bueltatzen da etxera. Hala izan ez den kasuetan, erremediorik ez duelako, ia seguru.

Lau, bost edo sei lagun. "Manitas" samarrak guztiak eta irudimena ere erabiltzen dutenak. Eurak dira egitasmoaren arima. San Joxepe elkarteko lehen solairuan elkartzen dira, hileko bigarren eguaztenean. Jendea animatuko ote zen zalantzarekin hasi ziren eta oso pozik daude izandako erantzunarekin, aldiro joaten zaielako jendea. "Pozik irteten dira, gainera, erremediorik ez duten gailu batzuk kenduta, gainontzeko ia denak konpontzen ditugu-eta", azaldu du euretako batek, Iñaki Alberdik. Batez ere, etxetresna elektriko txikiak eramaten dizkiete konpontzeko, eta gehien gehien plantxak.

Deia, bailarako beste herriei

Bergarako herriari eta interesa duen edonori dago zabalik egitasmoa, eta Arrasatetik, Aretxabaletatik eta Eibartik ere joan izan zaie jendea. Ildo horretatik, enplazamendua ere egin diete Debagoieneko beste herriei, egitasmoa martxan jartzera animatu daitezen, erabiltzaileek hilean egun bat baino gehiago eta herri pare bat gutxienez izan ditzaten aukeran.

Interesa piztu du

Debagoienetik harago interesa piztu duen ekimena da Kafekonpon. Altsasutik etorri dira ezagutzera eta Donostiatik ere bai, bi talde: Donostia 2016 ekimenetik eta Tabakaleratik. Alberdi eta bere lagunak harrituta daude egitasmoa izaten ari den erantzunarekin eta piztu duen interesarekin.

Abuztuan atseden hartuko dute eta irailean itzuliko dira: irailaren 9an, 16:00etan, da hurrengo hitzordua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak