Antzuolako kanpai hotsa Albanian

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 13a, 09:00

Uzarragako elizako kanpaia dilin-dalan dabil Albaniako Tresh herritxoan. Uzarragan isilik egon beharrean, beste nonbait dantzan ibiltzea hobetsi dute, eta 2012ko maiatzean eraman zuten hara 40 zentimetro inguruko garaiera eta 30 bat zentimetroko diametroa duen kanpaia.

Albanian bizi da azken hamahiru urteotan Eskoriatzako Mendiola auzoko Jesus Madinabeitia abadea eta pozik hartuko luketela kanpai bat han jakinarazi zion anaiari: "Esan eta laster bideratu zuten kanpaia. Zelan bidali, baina, honaino? Albaniara ez dago kristorik joango denik esan zidan garraiolariak eta nik erantzun: Horixe… Albaniara Kristo bakarrik doa", jakinarazi du umoretsu Madinabeitiak. Hala, anaiak eta koinatak Milaneraino eraman zuten eta handik Albaniara Caritaseko kideen bitartez iritsi zen.

Marianista da Madinabeitia eta beste bi kide italiarrekin batera bizi da bertan. "Lehenengo sei urtetan Lezhe herriaren iparraldean egon nintzen, hiru eliza zituen parrokia batean; gero bost urte egin nituen hegoaldean, bi parrokiatan lanean; eta azkeneko bi urteotan eliza bakarra duen parrokia batean nago, baina bi elizatxo egin ditugu, aurrefabrikatuak, eta horietako batean jarri dugu kanpaia", jakinarazi du. Eta iazko abenduaren 25ean entzun zuten lehenengoz Albanian, Uzarragako kanpaiaren hotsa.

Horren guztiaren berri eman zien Madinabeitiak berak Uzarragako auzotarrei maiatzean, bisitan etorri zenean. "Argazkiak erakutsi zizkigun eta kanpaiak zelan egiten zuen dantzan ere bai", dio Bittor Arbulu antzuolarrak eta gaineratu du: "Hunkitu ere egin ziren hainbat auzotar".

Berreraikuntzan laguntzen

Marianistari harrera ezin hobea egin zioten Albanian 2002an iritsi zenean: "Lezhe herritik gertu Espainiako militarrak egon ziren Kosovoko gerra garaian eta oso zintzoak izan zirela diote". Madinabeitiaren lana, ostera, albaniarren beharrei erantzutea izan da: "Haiekin berba egin, haiei lagun egin pertsonaren berreraikuntzan… Diktadurapean urte askoan bizitako herritarrak sozializatzen lagundu gura izan dut; izan ere, gosea, kartzela zigorrak eta miseria handia jasan dute urte askoan".

Erlazionatuak

Uzarragako kanpaian dilin-dalan Albanian

Mirari Altube Arrese 2015 eka 13 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak