Mundumira ordezkatuko duen jaialdi bat antolatu nahi du Mankomunitateak urrirako

Mundumira ordezkatuko duen jaialdi bat antolatzeko deialdi publikoa egin du Debagoieneko Mankomunitateak. Aurtengo urriko azken astebururako Bergaran antolatu nahi du. Kultura ekitaldiak oinarri izango dituen aisialdi festa izango da, orain arte moduan.

Jaialdia diseinatzeko eta izena aukeratzeko lehiaketa publikoa deitu du. Gaur, ekainak 11, amaitzen da eskaerak aurkezteko epea. Deialdian jasotzen denez, esleipena 60.500 eurotan egin nahi da (50.000 gehi BEZ). Diru horren truke antolatzeko jaia aurten, 2016an ere antolatzeko kontratua luzatzeko aukerarekin.

10 urteren ostean, agur

2005ean egin zen lehen aldiz Mundumira Arrasaten. Harrezkero urtero egin da, 2013an izan ezik (jaiaren diseinuaren gaineko hausnarketa prozesuan murgildu ziren udalak), eskualdeko herri guztietatik igaro delarik munduko kulturen jaia. Debagoiena ezagutaraztea, eta formatu handiko eta kalitatezko jaialdiak antolatzea izan zen sorrerako helburua. Ekainaren 10etik 12ra bitartean, asteburuan, antolatu zuten lehenengo aldiz eta maiatzean egin da azkeneko urteotan. Eskualdeko gobernuz kanpoko erakundeak ere jaialdiaren parte izan dira eta, esaterako, elkartasun kamiseta atera da urtero, haiendako sosak batzeko eta Mundumira marka sozializatzeko.

Arrasaten hasi eta amaitu

2014ko maiatzean antolatu zen, ordea, azkeneko bider Mundumira gure eskualdean. Oraindik izenik ez duen haren ordezkoa urrian egin nahi da da aurten, urriaren 23an, 24an eta 25ean, hain justu ere, Bergaran. Eta hurrengoetan berriro ere maiatzean egitea da asmoa. Hala adierazi dute Mankomunitatetik.

Mundumira, hortaz, iaz antolatu zen azkenekoz, hasi zen herri berean: Arrasaten.

Aldaketaren arrazoiak

Bi arrazoi daude Mundumirari agur esateko, Igor Ezpeleta Mankomunitateko Garapen Agentziako lehendakariaren esanetan. "Mundumira, enpresa pribatu baten marka da, ez da Debagoieneko Mankomunitatearena, eta horrek arazoak sor ditzake lege aldetik". Gin Tonic kultura kontratazio enpresarena eta Euskal Herria aldizkariarena da Mundumira marka. Udalen elkartearena ez den marka bati indarra eta hauspoa emateak dakarren arriskuarekin…

Jaiaren izaerarekin zerikusia duen beste arrazoi bat ere badago Mankomunitatearen esanetan. "Musika edota antzerki taldeak eta gastronomia postuak jartzen dituztenak kanpotik ekarri beharrean, eskualdeko ostalari, dendari edo merkatariei eman gura diegu aukera, eta Euskal Herriko kultura eragileak hobetsi programazioa osatzerakoan" dio Ezpeletak. Osterantzean, jatorrian zeuden helburuei eutsiko die jaialdi berriak: Debagoiena ezagutzera ematea, kanpotik jendea eskualdera erakartzea edota eskualdeko herritarrei ere kultura eta aisialdi programazio erakargarria eskaintzea.

Datorren astean izena eta esleipena

Mankomunitateak aurtengo apirilaren 24an argitaratu zuen lehenengo aldiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Debagoienean jaialdi bat diseinatu, antolatu eta garatzeko idatzizko iragarkia. Lizitazio prezioa: 37.100 euro gehi BEZ izan zen. Inor ez zen aurkeztu lehiaketara, prezioa txikiegia zelakoan. Horregatik argitaratu da berriro ere maiatzaren 27an, kopurua igota. 50.000 euro gehi BEZ izan da oraingoan lizitazio prezioa. Lehiaketaren helburua ere bada jaiaren izena aukeratzea eta Debagoieneko Mankomunitateak marka hori bere egitea, betirako, nahieran erabiltzeko aukera izateko.

Udalbatza berriak oraingo zapatuan eratuko diren arren, lanean jarraituko dute Mankomunitateko gaur egungo jarduneko gobernu batzarreko ordezkariek eta datorren eguenean, hilaren 18an, egingo dute gobernu batzarra. Dena ondo bidean, batzar horretan erabakiko dute datorren urrirako Bergaran Mundumiraren ordezko kultura jaialdia zeinek antolatuko duen eta baita jaialdiaren izena ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.