Maiatzean bukatu zuten ikasturtea batxilergoko bigarren mailako ikasleek eta selektibitatera begira egon dira ordutik hona. Selektibitatearen lehen deialdia gaur hasiko baita; bigarrena, berriz, uztailaren hasieran.
Ikasle batzuek etxean ikastea erabaki dute; beste batzuek liburutegietara joanda ari dira azken eguneko errepasoak egiten. Arrasateko Udal liburutegia horren adibide. Eta, beste batzuek, ikastetxeek propio prestatzen dituzten saioetara joatea erabakitzen dute, irakaslearekin batera errepasatzeko ikasturtean zehar ikasitakoa. Arrasateko institutuan, esaterako, horrelako eskola batean harrapatu ditugu hainbat ikasle, azterketa bezperan.
Selektibitateko azterketak ez direla hain zailak esan diete aurretik proba hori egin dutenek, eta lasai joateko. Baina hori ez da hain erraza, antza.
Irakasleendako ere eskola-ordu bereziak izaten dira hauek, hautazkoak izaten direlako eta ikasleek eurek aukeratu dituzten gaien araberakoak. Saiatzen dira ikasturtean zehar egindakoa errepasatzen eta euren aholkua ere da azterketara lasai joan daitezela ikasleak.
Bailarako gaztetxo gehienek Eibarren egingo dituzte selektibitatearen lehen txandako azterketak; marrazketa arlokoek, baina, Leioan egin beharko dute hirugarren eguneko azterketa. Emaitzak hamabost egun barru jakingo dituzte.