Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Debagoienean emaitzak "are eta kaxkarragoak" direla onartu du EH Bilduk

Jon Berezibar 2015ko eka. 4a, 12:01

Hauteskunde ondoko lehen balorazio-agerraldi publikoan, EH Bilduk Debagoienean "emaitzak are kaxkarragoak" izan direla onartzearekin bat, "beldurra" ere agertu dute hainbat udal eta Mankomunitatea "eskuinaren esku" geratuko direlako. "Azterketan eta autokritikan" sakondu gura dutela-eta, herri batzarrak egingo dituzte datozen egunetan.

Bizkaian eta Gipuzkoan "emaitza kaxkarrak" eskuratu dituztela aitortu zuten atzo iluntzean eginiko prentsaurrekoan; areago, etxean: "Debagoienean emaitza hauek are eta kaxkarragoak dira, hainbat udal eta Mankomunitateko gobernua eskuinaren esku, EAJren esku, geldituko direlarik", nabarmendu zutenez. Halaber, EH Bilduk berresten du euren "proiektu  politiko eta soziala behar beharrezkoa" dela "herritarrak hobeto bizitzeko".

Horren harira, Debagoienean "lan handia eta ona" egiten zihardutela diote, "herritarren bizi-baldintzak hobetzeko, herri atsegin eta biziak izateko, euskarari eta gure kulturari bultzada emateko". Datorkeen aldaketaren aurrean, "zoritzarrez" diote EH Bilduko Debagoieneko alkategaiek, "beldur" ei dira "gobernu berriek burujabetza eta eraldaketa sozialaren bidea oztopatutako" ez ote duten. "Herritarrengandik behar bezain gertu" egon ez izana ere onartzen dute.

Eskertzea boto-emaileei

Esker adierazpenetarako tartea ere izan zuten bardako agerraldian. Hego Euskal Herrian eskuratutako 308.000 botoak aipatuta, Araban eta "batez ere" Nafarroan lortutako emaitzak "oso txukunak" izan direla azpimarratu zuten eta agindu "Eskuin Espainiarzalea oposiziora bidali eta aldaketa politiko nahiz soziala bultzatzeko erabiliko" dituztela boto horiek. Araban eta Nafarroan soilik ez; gurean, Oñatin, Antzuolan eta Elgetan, "EH Bilduren ideiek, proiektuak eta gestioak babes zabala" jaso dutela ere nabarmendu gura izan zuten atzoko prentsaurrekoan.

Autokritika eta aurrera begira

Atzokoa "lehen balorazio" moduan aurkeztu zuten alkategaiek eta iragarri zuten gogoetarekin segituko dutela herririk herri, batzar irekietan "azterketa sakona eta autokritika" egiten; EH Bildu "ezkertiar, progresista eta independentisten bilgune" bilaka dadin. Datak, hauek: 

  • Elgeta: Ekainak 4, eguena, 19:00etan udaletxean.
  • Aretxabaleta: Ekainak 4, 18:30ean Kultur Etxean.
  • Oñati: Ekainak 10,  18:30an Bidebarrietako erabilera anitzeko gelan.
  • Bergara: Ekainak 10, eguaztena, 19:00 Irizar Jauregian.
  • Eskoriatza: Ekainak 9, 19:00etan, Kultur Etxian.
  • Arrasate: Datorren astean, eguna finkatzeko.
  • Antzuola: Ekainak 17, 18:30ean Olaranen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak