Udal eta Foru hauteskundeak 2015

50.000 debagoiendarrek izango dute domekan botoa emateko aukera

Julen Iriondo 2015ko mai. 22a, 15:48

Betiko alderdiak eta berriak, herritarrez osatutako hautesle zerrendak; 21 hautetsi aukeratu behar Arrasaten, 5 Leintz Gatzagan –tarteko kopuruak beste herrietan–, eta han alkate zein izango den ezagun dagoeneko. 

Leintz Gatzagaren kasua berezia da, herriko Hautesle Elkartearena baita udal hauteskundeetan aukeran egongo den zerrenda bakarra; ondorioz, dagoeneko ezagun ze bost lagunek osatuko duten udalbatza eta baita alkatea Eneka Zankada izango dela ere.

Leintz Gatzagan izan ezik, EH Bildu eta alderdi sozialista gainerako herri guztietan aurkezten dira, eta EAJ denetan Elgetan izan ezik. Elgetan hiru aukera daude: koalizio abertzaleaz eta sozialistez gain, Gu Geu Elgeta izenekoa. Eskoriatzan, ohi legez, Elizateen hautagaitza egongo da aukeran, eta baita Irabazi ere. Irabazi Aretxabaletan, Bergaran eta Arrasaten ere aurkezten da.

Ahal Dugu-Arrasate-Podemos zirkulutik sortutako Baleike ere aurkezten da Arrasaten, eta Arrasate da, aldi berean, Alderdi Popularrak zerrenda aurkeztu duen Debagoieneko lau herrietako bat, Aramaio, Bergara eta Oñatirekin batera. Arrasaten, beraz, aukera gehien udal hauteskundeetan, sei.

Herri berean, bitxikeria: alkategaien batez besteko adina, gaztea benetan: 34,8 urte. Eta gauza jakina, udalbatzan hautetsi kopuru handiena izango duen herria izango dela: 21. Bergaran eta Oñatin hamazazpi izango dira, hamahiru Aretxabaletan, hamaika Eskoriatzan eta Antzuolan, eta bederatzi Elgetan eta Aramaion. Udal hauteskundeetako emaitzekin, ekainaren 13an osatuko dituzte udalbatza berriak.

Eta udalbatza berriak bakarrik ez, mankomunitateko Gobernu Juntaren osaketa ere emaitzon araberakoa izango da. Udalerri bakoitzeko alderdi irabazlekoak izaten dira Juntako ordezkariak. Aurreko lau urteotan, adibidez, Bildukoak izan dira guztiak, Elgetako eta Leintz Gatzagako alkate Oxel Erostarbe eta Eugenio Otsoa izan ezik. Erakunde garrantzitsua da Mankomunitatea: eskumenei dagokienez, hiru dira lan-ildo nagusiak, Garapen Agentzia, Turismoa eta Ingurumena. 2015erako, adibidez, 12 milioi euroko aurrekontua du.

Debagoienean 50.666 lagunek izango dute botorako aukera, Aramaio barne; ikusteke zenbatek ematen dute; duela lau urte %30etik gora ez zen bozkatzera joan. Eta noski, udaletako ordezkariekin batera Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak aukeratuko dira domekan. Debagoienari Deba-Urola eskualdeko ordezkaritza aukeratzea dagokio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak