Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Markel Olano : "Debagoienean izandako 'shock'-ak etorkizunari beste aurpegi batekin begiratzen lagundu digu"

Goiatz Arana Begiristain 2015ko api. 28a, 15:54

EAJren ahaldun nagusigai Markel Olanok Arrasate bisitatu zuen atzo, astelehena, herriko errealitate ekonomiko eta soziala lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin. Maria Ubarretxena alkategaia izan zuen bidelagun eta, ekonomiari eta enpleguari bultzada emateko, enpresen ondoan egoteak duen garrantzia azpimarratu zuten biek ala biek. Ildo horretatik, kritika egin zion Olanok ezker abertzaleak lau urteotan egindako kudeaketari.

EAJko diputatu nagusigai Markel Olanok azpimarratu zuen Gipuzkoa lurralde industriala dela, Arrasate erreferente izan dela eta, antzina izandako garrantzia eta izaera industriala berreskuratu ditzan, ekonomia politikak sustatu behar direla. Eta ondorengoa erantsi zuen: "Azken lau urteetan ez da inolako politika ekonomikorik sustatu erakunde ezberdinen arteko elkarlanean, ezker abertzaleak ez duelako industria proiekturik, eta ez du sektore honetan enplegua sortzeko apustu benetakorik ere egin".

Enpresekin harremana sendotu

Ildo beretik, Olanok gehitu zuen enpresak erortzen badira, gizartea bera ere eroriko dela eta, hori gerta ez dadin, ezinbestekoa dela estrategia bat izatea, elkarlanean eta konfiantzan oinarritua egongo dena. Horregatik, ahaldun nagusigai jeltzalearen ustez, enpresekin harremana sendotu behar da, eta Gipuzkoako ekonomia eta gizarte eragileekin elkarlanean aritu, industria-jarduera, enpresa berriak eta enplegua sortzeko. Horri gehitu zion ekonomia berpizteko bidean elkarlan publiko-pribatua bultzatzea dela EAJren apustua eta ezker abertzaleak erakutsi duela "enpresetatik oso urrun" dagoela eta ez dela "gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko".

Arrasate eta Debagoiena "kezkatuta"

Arrasate eta Debagoiena "ekonomiko kezkatuta" ikusten dituela adierazi zuen: "Industria ikuspegitik indar handia izan duen bailara izan da beti eta baita langabezia gutxien nozitu duena ere, kooperatibek bete duten funtzio soziala medio. Baina azken urte eta hilabeteetan berri txarrak izan dira hor ere eta shock hori bailara honetan ezagutzea garrantzitsua izan da, etorkizunari beste aurpegi batekin begiratzeko".

Sustapen ekonomikoa, lehentasuna

EAJren alkategai Maria Ubarretxenak eskerrak eman zizkien bisitatutako enpresetako ordezkariei, gizarte eragileei nahiz herritarrei, emandako azalpenengatik, eta elkarlanerako erakutsitako jarreragatik. Ubarretxenak azpimarratu zuen, ekonomia eta enpleguaren sustapenik gabe ez dagoela etorkizunik, eta argi gelditu dela sustapen ekonomikoak lehentasuna izan behar duela: "Gure eredua ekonomiaren bultzadan eta merkatari eta enpresen laguntzan oinarrituko da, enpresa sendoek eta merkataritza indartsuak Arrasateko aberastasuna dakartelako eta horrek bermatuko duelako gure etorkizuna eta ondorengo belaunaldiek gure herrian beraien bizi proiektua aurrera eraman ahal izatea".

Ubarretxenak gaineratu zuen gidatuko duen taldeak "Arrasate hazi araztea" duela helburu, beti ere, "lana, elkarlana eta kudeaketa onean oinarriturik, Arrasate eta arrasatearrei, merezi duten etorkizun eta aldaketa eskaintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak