Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Debagoieneko EH Bildu: "Herritarren proposamenak programa eta hautagai bilakatu ditugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko api. 22a, 19:33

EH Bilduk Debagoieneko hautagaiak eta herri programen ardatz nagusiak aurkeztu ditu gaur, eguaztena, Arrasateko Monterron parkean egindako agerraldian; eskualdeko alkategaiak eta beste hainbat hautagai bildu dituzte bertan: "Herritarren proposamenak programa eta hautagai bilakatu ditugu", adierazi du Bergarako alkategai Agurne Barrusok. Era berean, Arrasateko alkategai Eneko Barberenak defendatu du, besteak beste, "ereduen arteko talkan herritarren interesak defendatzen" jarraituko dutela. 

Programari dagokionez, enpleguaren, etxebizitzaren, babes sozialaren, mugikortasunaren, ingurumenaren, euskararen, aisialdiaren eta parte hartzearen alorretan landuko dituzten ardatz nagusiak azaldu ditu Barberenak eta era berean, azaldu du burujabetza, eraldaketa soziala eta bakea direla koalizio ezkertiar eta abertzalearen azken helburuak: "Baina hori egunez egun eraikitzen jarraitzea da gure konpromisoa, kaletik bezala udaletik, Mankomunitatetik eta Foru Aldunditik. Bidea herritarrekin batera egingo dugu, gainerako alderdi zein eragile sozioekonomikoekin elkarrizketa eta elkarlanerako saiakera iraunkorra egiten". 

"Demokrazia parte hartzailea eta erabakitzailea"

Agurne Barrusok legealdi berrirako erronka berri bat ere izan du hizpide: "Herritarrendako gobernatzen hasi ginen, herritarrekin gobernatzen jarraitu dugu eta herritarrak gobernu izatea lortu nahi dugu. Demokrazia parte hartzaile eta erabakitzailea lortzea da gure erronka nagusietakoa". 

Izan ere, herritarren ahotsari garrantzia berezia eman diotela azpimarratu du Barrusok: "Gure programak eta hautagaitzak prestatu ditugunean hori egin dugu, herritarrei entzun eta euren proposamenak programa eta hautagai bilakatu".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak