Debagoieneko Irabazi ekimenak Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan aurkeztuko ditu zerrendak Udal hauteskundeetan eta alkategaien aurkezpena egin dute Arrasaten.
Alkategaiak
Alkategaien aurkezpen laburra egin dute Arrasateko aurkezpenean: Arrasateko alkategaia Juan Luis Merino da, 50 urte ditu eta bi ume ditu, mugimendu sozialetako aktibista da, bazkide kooperatibista eta Ezker Anitza-IUko arduraduna Gipuzkoan; Bergarako alkategaia Aiert Lizarralde da, 40 urte eta bi ume ditu eta siderometalurgia sektorean egiten du lan, EQUOko kidea da; Aretxabaletakoa, Luis Gomez da, 46 urte eta bi ume ditu, bazkide kooperatibista da, Ezker Anitza-IUko militantea eta errepublikanoa; eta Eskoriatzako alkategaia Xabier Villareal da, 39 urte eta bi ume ditu, ULMAn egiten du lan eta independentea da.
Irabazi-Ganemos ekimenaren oinarriak
Pertsonak politikaren oinarri izan behar direla uste du Irabazi ekimenak, familien errenten araberako Udal zerga progresiboak nahi dituzte, udaletxeak etxegabetzeetan inplikatu behar direla uste dute, eredu hiritar eta energetiko berri bat ere sustatu behar dela pentsatzen dute. Pobrezia, bazterketa eta dependentziari aurre egiten uzten dieten zerbitzu eta prestazio "duinak" behar direla ere uste dutela gaineratu dute, eta zero zabor helburu izanda, hiri hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen aldekoak dira.
Aurkezpenak herriz herri
Arrasaten egin duten bailara mailako aurkezpen orokorraren ostean, hautagaitza aurkeztu duten herrietan euren programaren ildoak eta helburuak azaltzeko, beste aurkezpen batzuk egingo dituzte. Lehena, Bergaran izango da hilaren 31n, San Martin plazan 18:00etan.