250 urteren ostean bueltan da Ilustrazioko umorea

Jatorrizko edizioan zioenez, Opera cómica en castellano y vascuence escrita y puesta en música por un caballero guipuzcoano; Xabier Maria de Munibe, alegia. Orain, 250 urte geroago, Mozkorra parregarri opera lehen aldiz estreinatu zen osoko bilkuren areto berberera bueltatuko da.

Bihar eta etzi, Peñafloridako kondeak nahi bezala obra euskara hutsean taularatuko dute, eta garaiko partitura batean oinarritutako musika izango du.

Berrestreinaldi horretan, egungo Peñafloridako kondea egongo da, eta, Xabier Maria de Munibe Gipuzkoako diputatu nagusi izan zela kontuan izanda, Martin Garitano ere egongo da udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Proiektuak ikerketa lan luzea izan du, jatorrizko partitura aurkitu ez duten arren. Kutxa batean azaldu eta, itxuraz, Evaristo Espinosak idatzitako pianorako moldaketa batean oinarrituko da operako musika.

Jantzi ikusgarriak

Musika ez da opera horretan zaindu duten arlo bakarra. "XVIII. mendean jendeak ikusi zuen ikuskizuna errespetatu dugu, eta, horretarako, garai hartako elementu ugari erabiliko ditugu", dio operako zuzendari artistiko Valen Moñuxek.

Arriaga antzokiko jantzien arduradun Oscar Armendaritzek izan du operako antzezle eta musikariak janzteko ardura, eta hark irizpide errealista eta historizistak aintzat hartuta sortu ditu parte hartzaileen jantziak.

Ohiko saltokietan, biharko 22:30eko eta domekako 16:00etako saioetarako sarrerak eros daitezke oraindik. Egunean bertan, gelditzen diren sarrerak udaletxeko arkupeetan salduko dituzte

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.