25 urteko historia, herritarren eskura

Hala egongo da aurrerantzean, Arrasateko Udalak eta Goiena Komunikazio Taldeak eguerdian sinatutako hitzarmen bati esker. Bertan esaten da Goienak udalari uzten dizkiola argazki eta bideoak, aztertu, dokumentatu eta digitalizatzeko; eta behin hori eginda, edonork erabili ahal izango dituela, egiletza aitortuta beti ere.

Inazio Azkarragaurizar (Arrasateko alkatea): "Gaur egun Goienaren eskuetan dagoen altxor bat herritarren eskuetan jartzea dakar"

Iban Arantzabal (Goienako zuzendari nagusia): "Arrasateko Udala honetan ere aitzindari da, Arrasate Press-ekin izan zen moduan, eta asmoa da gainerako udaletxeetara ere jotzea"

Inazio Azkarragaurizar alkateak eta Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek sinatu dute akordioa, eta herritik jasotakoa herriari itzultzeko modu bat dela azpimarratu dute.

Udalak konpromisoa hartu du material hori gordetzeko –artxiboa berritzen ari da orain eta tokia egingo dio bertan– eta Goienak positiboki baloratu du erakutsi duen interesa: "Arrasateko Udal Gobernuak ikusi du garrantzitsua dela 25 urteko irudi eta argazki artxibo bat ganoraz edukitzea eta guretzako ona da hori, jotzen dugulako atzera albisteak egiteko, eta errazago topatzeko bidea egongo denez..." Horri gehitu dio hau hasiera dela, eta Arrasateko Udala honetan ere aitzindari izan dela, Arrasate Press-ekin izan zen moduan. Gainerako udaletxeetara jotzeko asmoa ere azaldu du Arantzabalek.

Alkatearekin batera, Joxe Etxebarria –Euskara zinegotzia– eta Jose Felix Diaz de Tuesta –Euskara teknikaria– ere izan dira akordioaren sinatze ekitaldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.