Ana Heriz: "Inaziotar bideak bultzada emango dio bailarako garapen ekonomikoari"

San Inaziok 1522an egindako bidaia oinarri hartuta, Inaziotar bidea izeneko proiektu turistikoa aurkeztu dute Madrilgo Fitur azokan. Loiolatik hasi, eta Manresarainoko ibilbidea hartzen du bere baitan, eta besteak beste, Arantzazuko santutegian egiten du geldialdia. Ibilbideak bailarako turismoa sustatuko duela uste du Ana Herizek, Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariak.

Eusko Jaurlaritzako, Aldundietako eta Azpeitiko eta Zumarragako udalen ordezkariarekin batera Debagoieneko Mankomunitateko garapen agentziako presidente Igor Ezpeleta eta turismo teknikari Ana Heriz izan dira Madrilen Inaziotar Bidearen aurkezpenean. "Gure bailararako oso garrantzitsua da EAEk aurkeztu dituen bi aukeretako bat Inaziotar Bidea izatea. Horrek esan gura du Euskal Herritik harago, Aragoi eta Kataluniako herritarrengana ere iritsiko dela eskaintza hau eta haiek hona etorriko diren aukera zabaldu egiten dela", dio Igor Ezpeletak.

Izan ere, orain Inaziotar bidearen hasiera dena, hiru tenpluen bidea izan da orain arte, Loiolako santutegia, Zumarragako Antio ermita eta Arantzazuko santutegia lotzen dituena. Orain, ordea, ibilbidea Kataluniaraino zabalduta, aukera berriak ireki dira turismo alorrean. Hori dela eta, bailarako garapen ekonomikoa sustatzeko aukera ona dela uste du Herizek, "Inaziotar bideak bultzada emango dio bailarako garapen ekonomikoari", esan du. Behin bisitariak erakarrita, horiek Arantzazutik bailarara bideratzea izango da erronka.

San Inaziok 1522an egindako bidaia du oinarri proiektuak. Hala azaldu du Herizek: "San Inaziok bere bizimodua aldatzea erabaki zuen, eta, Loiolatik irtenda, Manresaraino oinez joan zen, eta hortik, Jerusalemera. Bidaia horretako bigarren etapan, Arantzazun geratu omen zen, eta bertan gaubela bat egin zuela diote".

Loiolan hasi, eta Manresan bukatzen da Inaziotar Bidea, eta guztira 670 kilometro inguru ditu. 2. Etapan iristen da Debagoienera, eta Arantzazuko santutegian geldialdia egin ostean, Arabara bidean abiatzen da. Ondoren, Errioxatik eta Nafarroatik pasa, eta Aragoi eta Katalunia zeharkatuz iristen da Manresara.

Gainera, Herizen esanetan, Basqueturrek, Jaurlaritzak eta Araba zein Gipuzkoako Diputazioek bere lehentasunen artean kokatu dute proiektua, eta ibilbidea igarotzen den eskualdeak ere prest daude laguntzeko, beraz "pozik" daude proiektuak hartutako norabidearekin. Edonola ere, aitortu du proiektua hastapenetan dela oraindik. Oraingoz, bidearen eta seinaleen egoeraren azterketa bat egin dute.

Dena den, Herizek azpimarratu nahi izan du dagoeneko badela ibilbidea egiten hasi den jendea, duela bi urte Jesuitek aurkeztu zutenetik ari dela pixkanaka bisitariak erakartzen.

Erlazionatuak

Euskadiko stand-a, Fiturreko onena

Debagoiena

Euskadik Fiturren jarri duen stand-ak, azokako stand onenaren saria jaso du. "Zalantzarik gabe, stand hau euskal nortasunaren isla da, indartsua ze...
Arantzazu eta Oñati, Fiturren aurkeztu dituzten eskaintzen artean

Oñati

Aurten ere Oñatiko turismo eskaintzaren berri eman dute eguaztenean hasi eta domekan bukatuko den Madrileko Fitur azokan. Euskal Autonomia E...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.