Arantzazu eta Oñati, Fiturren aurkeztu dituzten eskaintzen artean

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urt. 29a, 13:39
Mankomunitateko ordezkariak Madrileko Fitur azokan

Aurten ere Oñatiko turismo eskaintzaren berri eman dute eguaztenean hasi eta domekan bukatuko den Madrileko Fitur azokan. Euskal Autonomia Erkidegoak bi eskaintza eraman ditu hara: Donostia 2016 eta Inaziotar Bidea. Bigarren eskaintza horretan erakutsi dute.

Eusko Jaurlaritzako, Aldundietako eta Azpeitiko eta Zumarragako udalen ordezkariarekin batera Debagoieneko Mankomunitateko garapen agentziako presidente Igor Ezpeleta eta turismo teknikari Ana Heriz izan dira Madrilen eskaintza horien aurkezpenean. "Gure bailararako oso garrantzitsua da EAEk aurkeztu dituen bi aukeretako bat Inaziotar Bidea izatea. Berez, lehendik ere ezagutzen genuen Hiru Tenpluen ibilbidea jasotzen duen eskaintza da, baina Manresaraino luzatzen dena. Horrek esan gura du Euskal Herritik harago, Aragoi eta Kataluniako herritarrengana ere iritsiko dela eskaintza hau eta haiek hona etorriko diren aukera zabaldu egiten dela", dio Igor Ezpeletak, Madriletik.

Arantzazura etor daitezkeen turistak bailarara nola erakarri da, orain, Mankomunitateak duen erronketako bat. "Gura duguna da turista horiek Oñatin bakarrik gelditu beharrean bailarako beste herrietara ere erakartzea, Debagoiena ezagutu dezaten", adierazi du Ezpeletan. Hori lortzeko lanean hasita daudela aitortu du Ezpeletak. "Bailarako turismo teknikari guztiekin batera ari gara lanketa hori egiten. Hemen dugun eskaintza zehaztu eta hori turistei nola helarazi ari gara aztertzen", zehaztu du.

Manresara

Inaziotar Bidea izeneko produktua eguazten arratsaldean aurkeztu zuten eta Loiolako Inaziok Azpeititik Manresaraino egin zuen bidea jasotzen du; 1522 urtean egin bidea da, hain zuzen ere. Gainera, aurten, bide honen lehenbiziko jubileuko urtea da, eta horrek Oñatira eta Arantzazura etor daitezkeen turista kopurua handitu dezake. Hala, Mankomunitateak garrantzitsutzat jotzen du turista horiek bailarara erakartzeko modua aurkitzea.

Txokolatea ere bai

Fiturren aurkeztu duten aukera horrez gain, Oñatiko beste turismo eskaintzen zabalkundea ere egingo dute aurten Azul Marino enpresaren bitartez. "Adibidez, txokolatearen historia, Arrikrutzeko espeleologia esperientziak, Aizkorri-Aratz parketxea eta pottokaleku", dio Ikerne Altube Oñatiko turismo teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak