Hassana Aalia ekintzaile sahararrari asilo politikoa ukatu dio espainiar estatuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko urt. 29a, 16:47

Hilaren 19an esan zioten asilo politikoa ukatu diola espainiar estatuak Hassana Aalia ekintzaile sahararrari. Erabaki horren berri ematearekin batera, hamabost eguneko epea eman zioten espainiar estatuaren lurraldea uzteko. Protesta baketsu batean parte hartu izanagatik bizi osoko espetxeko zigorra jaso zuen gazteak, eta Hassanaren Lagunak elkarteak mobilizatzeko deia egin du. Hala, zapatuan Bilbon manifestazioa egingo dute eta hogeitik gora dira hori babestu duten Euskal Herriko eragileak.

Hassanna Aaliak 26 urte ditu eta El Aaiunen jaio zen, Mendebaldeko Saharan. 2010ean Gdeim Izik kanpamentuko protesta baketsuan hartu zuen parte. Gertaera horrengatik epaitu egin zuten eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

2011ko urrian ikasketa-beka bati esker Bilbora etorri zen. El Aaiunera itzultzeko bi hilabete falta zirenean, baina, Gdeim Izikeko gertaerengatik Auzitegi Militar batek epaitu zuen; Bilbon geratzea erabakitzen zuen eta gobernu espainiarrari babes politikoa eskatzea bere herrira itzuliz gero, autoritate marokoarrek kartzelatuko luketelako. “Bilatze eta atxilotze agindua eman zutenean, hemen gelditu nintzen, Bilbon, nire familiarekin. Izan ere, orain arte eurekin bizi izan naizen familia euskaldun bat ere badaukat”, dio Aaliak. Hain zuzen ere, Oñatin bizi den Bernat Alberdiren etxea da hori.

Sententzia

2013ko otsailean Rabateko Auzitegi Militarrak Hassanna Aaliaren eta beste 24 ekintzaileren, sententzia eman zuen; biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten Aaliari, errebeldian aitortuta. “Zigor oso gogorrak izan dira, gutako bederatziri biziarteko kartzela-zigorra ezarri ziguten, tartean neuri, beste lagun batzuei 30, 25 eta 20 urtetako kartzela zigorra ezarri zieten. Epaiketa ilegala, fartsa, bermerik eta gure aurkako probarik gabekoa izan da. Eta ez dugu guk bakarrik esaten, epaiketan izan ziren behatzaile internazionalek ere esaten dute, baita Amnesty International-ek ere”, adierazi du.

Harrezkero, azaldu du estatu espainiarrean zehar dabilela, kartzelatutako bere lagunen babesgabetasun egoera jakinarazten eta erregimen marokoarrak egunero Herri Sahararra menderatze aldera eragiten duen bidegabekeria salatzen.

Asilo politikoa ukatu

2015eko urtarrilaren 19an Aaliari bere babes-eskaerari uko egiten zaiola jakinarazi zioten eta lurralde espainiarra uzteko 15 eguneko epea ematen diote. Hau azaldu du horren harira: “Sorpresa izan zen, nire kasua oso kasu garbia delako. Nire asiloa eskatzerako orduan epailearen aurrean aurkeztutako salaketak erakutsi ditugu, torturen eta tratu txarren argazkiak… eta ez nuen uste eskaerari uko egingo ziotenik, oso kasu garbia delako, edonork irakur dezake kasua eta ondo ulertu. Arduratu egin nau kontuak bizi osokokondena daukadalako.”

Zapatuan manifestazioa Bilbon

Zapatuan Bilbon manifestazioa egingo dute Euskal Herriko hogei eragile baino gehiagok deituta, ekintzaile sahararrari Espainiak asilo politikoa ukatu izana salatzeko. Bertara joateko autobuserako izena eman daiteke dagoeneko Oñatiko Arrano tabernan eta Arrasateko Irati eta Jaizalen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak