Urtebeteko epean bikoiztu egin da bisitari kopurua Intxortako ibilbide tematikoan

Iaz, 938 lagun izan ziren bisita egiten; eta aurreko urtean 480. Proiektua bultzatzen jarraituko dute; metrailadore berria ekarri dute Espaloiko interpretazio zentroko erakusketara.

Pozik dira Elgetako turismo arduradunak. Ahalegin handia egin dute Intxortako fronteko gertaerak gogora ekarri eta ezagutzera emateko, eta 2014a urte polita izan da bisitari kopuruari dagokionean.

Udalak emandako datuen arabera iaz 938 lagunek egin zuten Intxortako frontea ezagutzeko bisita gidatua. 2013an, 480 lagun izan ziren. "Badira urte batzuk proiektua martxan dela. Ezagutzera ematen dihardugu, eta etorri diren ikastetxeak edo bestelako taldeek gustura jaso dute emandako azalpena. Errepikatu egin dute gehienek", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Bi eratako taldeak ditugu. Alde batetik domeketan etortzen direnak. Funtzionatzen dute, baina besteak baino kopuru txikiagoan. Eta bestetik azken urtean indartzen ari diren ikastetxeen eta antzerako taldeen bisitak", jakinarazi du Oxel Erostarbe alkateak.

Metrailadore berria

Proiektua bultzatzen jarraituko dutela eman du aditzera alkateak. "Aurten, iazko bidetik jarraitzea da gure asmoa", esan du. "Taldeei aukera emango diegu bisita nahi duten egunean eta ordutegian egiteko. Jarraituko dugu baita ere hilero lehen eta azken domeketan bisitak egiten, eta horretaz gain berriztu egingo dugu apur bat museoa.

Frontean egondako metrailadorea ikusgai dago dagoeneko, eta apirilaren 19an egingo dugu Intxortan gertatutakoen errekreazioa". Boluntarioak behar dituzte, aurten ere, eta udaletxean zabalik dute izenemate epea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.