Now Euskal Herrira! leloarekin antolatu dute ekitaldia. Sakabanaketarekin amaitzea da Sareren helburu nagusia, eta horretarako indarrak batzea "zubiak eraikiz eta orain arteko harresiak ezabatuz", hau da, herritarren arteko sare bat osatuz.
Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik joandakoak udaletxetik atera ziren eta arabarrak eta bizkaitarrak Casillatik, eta guztiek bat egin zuten Zabalburun. Manifestazio isila zegoen deituta eta pankartarik gabekoa. Zabalburun, 18:30ak inguruan, bukaera ekitaldia egin zuten, argi izpitxoak eskuetan hartuta kartzela politikaren kontrako mezua irudikatuz. "Kaleak bete genituen eta oso giro polita sortu zen", jakinarazi du Arrasateko Sareko kide den Maialen Zabaletak.
Sakabanaketarekin bukatu eta Euskal presoak eta iheslariak Euskal Herrira ekartzea eskatu zuten elkartutako 80.000 lagun inguruk. Protagonismo berezia izan zuten gainera, Senideek eta Mirentxinek.
Sarekide izateko aukera
Mobilizazioa, baina, ez da izan bukaera. Mugarria izan da Bilboko mobilizazioa baina lanean jarraituko dute. "Sarekide egiteko aukera izango dute gura duten guztiek, herrietan mobilizazio ezberdinak egingo dira-eta. Sareren helburuarekin bat egiten duten norbanakoak elkartu eta lanean jarraitzea da asmoa", jakinarazi du Zabaletak.