Gaur, eguena, aurkeztu dute Bergarako Irizar Jauregian. Han izan dira: Iker Goikoetxea, Kursaal Zentroa eta Kursaal Eszenako zuzendaria, batetik; eta aipatutako Debagoieneko honako ordezkariak, bestetik: Leire Iruin, Bergarako Udaleko kultura zinegotzia; Amaia Larrañaga, Arrasateko alkate ordea eta Jone Larrañaga, Antzuolako Udaleko kultura teknikaria.
Abenduaren 27tik aurrera
Kursaal Eskura egitasmoa, Kantuz Topa izeneko kontzertuarekin abiaraziko dute abenduaren 27an. Askotariko jatorri eta estilotako musikariak eta bestelako sortzaileak batzen dituen emanaldia da Kantuz Topa. Kursaaleko taularen gainean honako artistak izango dira: Ainhoa Arteta; Eñaut Elorrieta; Alex Sardui; Petti; Estitxu Pinatxo; Olatz Prat; Mixel Ducau, John Berkhout eta Kirmen Uribe. Kantu ezagunekin osatutako emanaldia egingo dute, bada, abenduaren 27an, Kursaal Auditorioan. Emanaldira joan gura duenak, abenduaren 22a bitartean izango du epea zabalik sarrerak erosi eta autobusa erreserbatzeko.
Eman beharreko pausuak
Iker Goikoetxeak, Kursaaleko ordezkariak atzoko aurkezpenean azaldutakoaren arabera, egitasmoan parte hartu gura duten kultura zaleek, prozedura zehatz bat jarraitu behar dute. Hasteko, Kursaal Elkarguneko webgunean erosi beharko ditu emanaldirako sarrerak, hau da, sarrerak.kursaal.org helbidean.
Txartelak eskuratu ondoren, autobuseko tokia erreserbatu beharko dute, dagokion herriko Udaletako kultura sailetara deituta edo idatzita. Honakoa dira harremanetarako bideak: Antzuolarrendako, 943 76 62 46 eta kultura@antzuola.net; Arrasatekoen kasuan, berriz: 943 25 20 00 eta kultura@arrasate-mondragon.net; eta honakoak Bergarakoendakoak: 943 77 91 59 eta kultura@bergara.net.
Aurrez, esan moduan, aipatu hiru herrietatik abiatuko da Kursaalerako autobusa, honako ordu eta tokietatik, bada: Antzuolan, Sagasti kalean, 18:00etan; Arrasateko Garibai kalean, 18:20an eta Bergarako Ibargarai kaletik, berriz, 18:35ean.
Ordu Gaztearekin, abantailak
Abantailak izango dituzte 30 urtetik beherakoek eta langabeek sarrerak erosteko orduan, Ordu gazte ekimenaren bitartez: hiru eurotan erosteko aukera izango dute-eta Kantuz Topa emanaldirako sarrerak. Horretarako ezinbestekoa izango dute sarrera erreserbatzea, bakoitzari dagokion Udaleko kultura bulegoetan. Ordu gazteren abantailak jasotzeko, Kursaaleko leihatilan egiaztatu beharko dute beharrezko agiriak erakutsita.